"Gaur, abenduak 23, albiste triste bat iritsi zaigu: 94 urterekin, Mikhail Timofeievitx Kalaxnikov arma diseinatzailea hil da". Hitz horien bitartez eman dute jakitera XX. mendeko arma ezagunenetako bat sortu zuenaren heriotza. Udmurtia Errusiako Federazioko errepublikan hil da, eta hango agintariek eman dute horren berri.
1919an Siberian sortua, 1938. urtean Armada Gorrian sartu zen, eta Bigarren Mundu Gerran aritu zen soldadu. Zauri batetaz osatzen ari zela hasi zen AK-47 ezaguna sortzeko buruari eragiten. Soldadu sobietarrak maiz kexatzen omen ziren zituzten armez.
Ospitaletik atera eta berehala hasi zen bere asmakuntzan lanean. 1944rako amaitua zuen, baina azken diseinua 1947an egin zuen. Bi urte geroago, Armada Gorriaren ohiko arma egin zuten. Geroztik hainbat aldiz saritu zuten Kalaxnikov, bai SESBen garaian eta bai ondoren.
Kalkulatzen da AK-47 100 milioi errifle saldu direla harrezkero, baina datu ofizialik ez dago. Hainbat talde gerrillarik erabili izan dute, arina eta segurua delako, eta 55 herrialdetako armaden arma ofiziala da. Zenbait deskolonizazio prozesutan izan zuen eraginagatik, Afrikako zenbait herrialderen armarrian dago.