Beste tsunami baten beldur ziren, eta ez zen gutxiagorako. Asia hegoaldean joan den abenduaren 26an izan zen itsasikara ez dute ahaztu herritarrek. Seismoaren aurreneko dardara sentitu eta berehala, muino eta mendi tontorretara igo ziren. Itsasikarak, baina, ez zuen tsunami-rik eragin. Richter eskalan 8,7 graduko indarra izan zuen seismoa izan zen herenegun gauean Indonesian. Sumatra uharteko kostaldetik 240 kilometrora izan zuen epizentroa, itsaso barrenean 30 kilometrora; hain zuzen ere, duela hiru hilabeteko itsasikara baino 160 kilometro hegoalderago. Hiru minutu inguru iraun zuen, eta dozenaka erreplika txiki eta hiru handi izan zituen gerora. Azkenekoa, 5,9 gradukoa. Itsasikara gauez izan zen.
Nias eta Simeulue uharteak izan dira orain eremurik kaltetuenak. Azken datuen arabera, 430 pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte jada bertan: 330 Niasen eta beste 100 Simeuluen. Indonesiako agintarien ustetan, baina, mila eta hiru mila pertsona artean hil dira itsasikararen eraginez, «aurreneko datuen arabera». Niasen 450.000 biztanle bizi dira, eta Simeulue uhartean, berriz, 80.000. Orotara 20.000 pertsonak ihes egin zuten etxetik bi uharteetan.Niaseko Gumung Sitoli hiriburuan eraikinen %80 suntsitu zirela jakinarazi zuen Agus Mendrofa gobernadoreordeak: «Hiria erabat suntsituta dago, eta egoera ikaragarria da». Ospitaleen erdiak suntsitu egin direla eta jende ugari zaurituta dagoela jakinarazi zuten agintariek. Hiriburuko poliziaburu Zulkifi Siraiten arabera, zaila da oso jakitea zenbat pertsona dauden hondakinen artean. Nias uhartean triskantza handia eragin zuen abenduko seismoak ere turista ugari joaten dira urtero uhartera, bereziki, surflariak.Simeulueko hiriburu Sinabangeko herritarrek ere egoera larria bizi izan zuten. «Eraikinak nola erortzen ziren ikusi nuen, jendea korrika hasi zen, beldurrez, mendietara. Etxeen hondakinen artean pertsona ugari daudela uste dut», adierazi zuen bertako biztanle Fitra Nasir Alik.Salbamendu taldeen arazo larriena orain azpiegiturak kaltetuta daudela da eta, zentzu horretan, arazoak dituzte hondatutako eremuetara iristeko mila pertsona ari dira salbamendu lanetan. Errepide asko erabat hondatuta gelditu dira eta ur azpiegiturak txikituta daude.Thailandia, Malaysia, Sri Lanka eta Indian ere sumatu zituzten seismoaren dardarak. India eta Sri Lankako agintariek atzo kendu zuten herenegun ezarritako alerta egoera. Dozenaka mila pertsona egunean zehar etxera itzuli ziren. Eskola, ospitale, meskita, eraikin publiko eta mendietan babestu ziren kostaldeko herritarrak. Indiako agintariek ez zutela «arriskurik» izan nahi eta horregatik herritarrak babestera deitu zituztela zehaztu zuten. Sri Lankako presidente Chandrika Kumaratungak ebakuazioa «lasaitasunez» egiteko eskatu zien herritarrei. Herrialdean bi pertsona hil ziren herenegun gauean barrualdera babestera joaten ziren unean auto istripua izatean. Emakume bat eta haren semea ziren hildakoak.
Alerta egoera eraginkorra@:Itsasikara izan eta berehala alerta egoera ezarri zuten hainbat herrialdeetan. Ozeano Pazifikoko Zentroak tsunami-a izan zitekeela jakinarazi eta neurriak hartzeko aholkua eman zien agintariei. Agintariek, ildo horretan, tsunami-a izan zitekeela ohartarazi zieten herritarrei telebista eta irrati bidez zabaldutako mezuetan. Indonesiako presidente Susilo Bambang Yhudoyhonoren arabera, itsasikararen berri izan eta berehala ezarri zuten alerta egoera. Presidentea gaur joango da kaltetutako eremuak bisitatzera.
Itsasikara izan eta hiru ordura olatu erraldoiak izateko arriskua gutxitu eta gauean zehar alerta egoera kendu zuten hainbat herrialdetan. Herritarrek, baina, kalean eman zuten gau osoa. NBE Nazio Batuen Erakundeko Larrialdietarako Laguntzaren koordinatzaile Jan Egelandek alerta sistema aurrekoan baino lehenago martxan jarri izana goraipatu zuen. Nazioarteko komunitateari, dena den, alerta sistema «lehen bai lehen» martxan jartzeko eskatu zion.Herritarrek oso presente dute oraindik iragan abenduko itsasikarak eragindako ondorioak. «Umeak izan ziren tsunami-ak gehien hunkitu zituen pertsonak eta euren artean beldurra piztu da berriz; izan ere, azken hiru hilabetetan ez zela beste itsasikararik egongo entzun dute behin eta berriro». Nazioarteko Gurutze Gorriko laguntza psikologikorako zerbitzuaren buru Joe Previtten hitzak dira: «Umeak triste daude oraindik eta senideak galdu zituztenak oso bakarrik sentitzen dira». Osasunerako Mundu Erakundeko Larrialdietarako arduradun Vijai Kiaw Winen arabera «arazo psikologikoak» gainditzeke daude oraino. Ia 300.000 pertsona hil ziren aurreko seismoaren eraginez.
ITSASIKARA ASIA HEGOALDEAN
Mila eta hiru mila hildako artean utzi ditu itsasikarak Indonesian
'Tsunami'-a izateko arriskua desagertu ahala kendu dute alerta egoera Thailandian, Malaysian, Sri Lankan eta Indian ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu