Richter eskalako 8,9 graduko lurrikara izan da Japonia ipar-ekialdean, AEBetako Institutu Geologikoaren arabera. Ondoren, beste 50 erreplikatik gora izan dira, 5,1 gradutik gorakoak guztiak, eta erreplikek oraindik ez dute etenik. Ez dago hildakoen kopuru argirik oraindik, eta zifra desberdinak ematen ari dira Japoniako hainbat berri agentzia. Baina mila lagun baino gehiago hil direla jakinarazi dute berri agentzia batzuek, eta desagertuta dauden pertsonak gutxienez 500 dira.
Egun osoan gutxienez 137 pertsona zendu direla adierazi du gobernuak baina, Kiodo agentziak azaldu duenez, Sendai hiritik gertu 200 eta 300 pertsona inguru itota hil dira, Japoniako ekialdean. Zaurituta dauden pertsona kopurua ere oso handia da. Hildakoen kopuruak gora egingo du nabarmen, ziurrenik.
Gaua da orain Japonian —Euskal Herrian baino zortzi ordu gehiago dituzte han—, eta egunsentiarekin batera askoz hildako gehiago aurkituko dituztela uste du Poliziak. Naoto Kan Japoniako Gobernuko lehen ministroak esan du "kalteak handiak" direla.
Japoniak azken 140 urtetan izan duen lurrikararik handiena izan da. Sendaitik 130 kilometrora izan da epizentroa, Honshu irletan, 24,4 kilometro sakonera. Inguru hartan duela bi egun 7,3 graduko lurrikara izan zen, baina ez zen inor hil.
Gaurkoak tsunamiak eragin ditu, eta Sendaira behintzat heldu dira olatu erraldoiak. Tsunamiak autoak aurrean eraman ditu, eta gas isurien eraginez hainbat eraikin sutan dira Sendain. Tokion hamalau eraikin sutan dira, eta jendea kalera atera da. Garraiobide gehienen zerbitzua eten egin dute Japonian. Tokioko bi aireportutan zerbitzurik ez dago, tren zerbitzua ere eten egin dute —Shinkansen bala trena eta aldiri trenak—, eta herritarrei hiriko erdigunean geratzeko eskatu die gobernuak. Herrialdeko portu guztiak itxi egin dituzte, eta zamaketa lanak bertan behera geratu dira. Gobernuak gas hornidura etetea erabaki du, suteak saihesteko.
Japonia lurrikaretarako prestatuta dagoen arren, gobernua ezinean dabil egoera egonkortzeko. Herrialdeko iparraldean sute handiak daude, eta horietako batek bi kilometro eta erdiko luzera duela adierazi du NHK telebista kateak. Horrez gain, urtegi bat hautsi egin da, eta inguruko etxebizita guztiak aurrean eraman ditu.
Larrialdi nuklearreko egoera
11 zentro nuklear itxi egin dituzte, kalteak jasan dituzten aztertzeko. Dena den, NHK agentziak adierazi du Fujiyama I zentroa hozteko zailtasunak daudela eta Japoniako gobernuak emergentzia nuklearreko egoera ezarri duela. Halere, badaezpadako neurria dela adierazi du gobernuak. Erreaktorea hoztea lortu dute gerora, baina beldurra zegoen uraren maila jaistearekin batera inongo isuririk azalduko zen. Gobernuak adierazi duenez, ez dago isuri erradiaktiborik.
Fukushima zentro nuklearraren inguruan bizi diren bi mila biztanle lekua uztera behartu ditu gobernuak, Kiodo agentziaren arabera, eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak baieztatu duenez, eremu horretan emergentzia egoera zorrotzagoa jarri du gobernuak. 1.800 etxe inguru suntsitu dituzte eremu horretan. Tohoku konpainiaren zentro nuklearra sutan dago, Onagawa hirian. Iicharanen findegi bat dago sutan. AFPk jakinarazi duenez, leherketa handi bat entzun da beste findegi batean, Sendain; lurrikarak eragin latzena izan duen guneetako batean.
Armadaren laguntza
Herritarrei laguntzeko, Japoniako Gobernuak lurrikarak eragin handiena izan duen guneetara 8.000 soldadu bidali ditu, eta, horrez gain, AEBei laguntza eskatu die. Jhon Ross AEBetako Japoniako enbaxadoreak eskaera onartu duela jakinarazi du, eta bi herrialdeetako soldaduak elkarlanean aritzeko prest daudela adierazi du. AEBek 50.000 militar inguru dituzte Japoniatik gertuko baseetan.
Errusian Kuriles irla jendez husten ari dira —11.000 biztanle ditu—, tsunamiak gertatzeko arriskua dagoela eta. Taiwanen, Filipinetan, Indonesian, Australian, Zeelanda Berrian, Mexikon, Guatemalan, Salvadorren, Nikaraguan, Panaman, Hondurasen, Txilen, Ekuadorren, Kolonbian eta Perun ere olatu erraldoiak izateko arriskua dagoela ohartarazi dute. Gurutze Gorriak eta Ilargi Erdi Gorriak jakinarazi dutenez, tsunamia Ozeano Bareko "uharte batzuk baino handiagoa" da, eta baliteke olatuak horien gainetik pasatzea.
Historiako lurrikararik handienetan seigarrena dela adierazi du Erresuma Batuko Institutu Geologikoak —1900. urtetik egiten ditu neurketak erakunde horrek—.