«Aurrera egiten ari gara, baina uste baino askoz geldoago», adierazi du Mike Mullen almiranteak, AEBetako tropen buruak. Etxe Zuriak nabarmendu du hau dela azken aukera «gobernu egonkorra» ezarri eta Al Kaeda «betiko» amaitzeko. AEBek Afganistanen duten ordezkari Richard Holbrookek adierazi duenez, ondo bidean, urtea amaitu aurretik hasiak izango dituzte oinarrizko beharrak asetzeko lanak.
Biktima zibilak
Zibilak dira, hala ere, gatazkaren biktima nagusiak. NBE Nazio Batuen Erakundea 2007an hasi zen atentatu eta bonbardaketetan hildako zibilak zenbatzen, baina iturri ez ofizialek 13.000 eta 33.000 arteko kopuruak aipatzen dituzte 2001etik. Asko, gainera, NATOk edo AEBetako armadak egindako bonbardaketen biktimak dira. Horregatik, erasoaldia hasi zutenean, duela 11 egun, hitzeman zuten ahal zuten guztia egingo zutela biktima zibilak saihesteko. Horretan ere huts egin dute, ordea. Igandetik astelehenerako gauean, 27 lagun hil ziren gerra hegazkinek hiru ibilgailuri eraso zietenean. «Ekintzaileekin nahastu» zituztela esanez argudiatu zuen gertatutakoa atzerriko tropen buru Stanley McChrystalek. Baina azalpena motz geratu zen. Horiek hala, telebista agerraldia egin zuen atzo, herritarrei barkamena eskatzeko: «Ahaleginak handituko ditugu sinets dezazuen gure asmoa afganiar guztientzako etorkizun hobea eraikitzea dela. Ikerketa zabalduko dugu, halakorik berriz gerta ez dadin».
Bestalde, gutxienez zazpi lagun hil ziren eta hamalau zauritu Helmanden izandako atentatuan, atzo. Hiriburuko autobus geltoki batetik gertu zartarazi zuten lehergailua. Handik irteten dira Kandahar alderantz doazen konboiak. Hala ere, leherketa izan zen unean herritarrak bakarrik zeuden autobus geltokian.
Afganistango Hauteskunde Legea aldatu egin du Karzai presidenteak;ondorioz, aurrerantzean berak aukeratuko ditu Kexuen Batzordeko bost kideak.
Agintarien eskujokoak
A. E.Hamid Karzai ederki moldatzen da botere gose diren marrazoen artean. Asteotan erakutsi du erasoaldi militarra erabiliz bere benetako asmoak ezkutatzeko. Munduak eta Afganistanek berak AEBek eta NATOk abiatutako operazioa gertutik aztertzen zuten artean, Hauteskunde Legea aldatzeko urratsak nola egin aztertzen aritu da bera. Pentsatu eta egin. Legebiltzarraren etenaldi bat eta Konstituzioak bermatzen dizkion eskumenak baliatu ditu lege dekretu bat indarrean sartzeko. Horren arabera, aurrerantzean presidenteak aukeratuko ditu Hauteskundeetako Kexuen Batzordeko bost kideak. Talde hori da iruzur salaketak ikertzen dituena, baita azken bozetan bigarren itzulia egiteko agindu zuena ere -azkenean Karzairen arerioa, Abdula Abdula, erretiratu egin zen-.
Parlamenturako bozak egingo dituzte laster herrialde hartan, eta hori ikusita, aspaldian hasi zuten hauteskunde legeari buruzko eztabaida. Baina ezin izan zuten akordiorik lortu. Hala, Konstituzioko 79. eta 109. artikuluak baliatu ditu Karzaik hilabeteetan lortu ez dena egun gutxian erdiesteko. Lehenaren arabera, Parlamentua oporretan dagoenean, presidenteak larrialdiko lege dekretuak onar ditzake, baina lanera itzulitakoan, Legebiltzarrak 30 egun ditu horiek atzera botatzeko. Bigarrenak dio, ordea, Parlamentuko legealdiaren azken urtean hark ezin duela hauteskunde legea aldatzeko proposamenik eztabaidatu.
«Une garrantzitsua da hau. Laster dira Parlamenturako hauteskundeak, eta ezin dugu egon alderdikoia eta menpekoa den hauteskunde batzorde batekin», salatu du oposizioaren presidentetzarako hautagai izandakoak. Aldiz, Karzairen eledun Ahmad Zia Herauik adierazi du lege dekretuak Kexuen Batzordetik kanpo uzten dituela atzerriko ordezkariak -orain arte hiru zeuden-. «Atzerriko erakundeek gainbegira ditzakete hauteskundeak, baina ez diegu utziko soldata handiko atzerritarrei gure bozetan esku hartzen».
Emakumeen ordezkaritza
Legedian egindako aldaketak, hala ere, ez dira Kexuen Batzordera mugatzen. Dekretuak emakumezko diputatuen presentzia ere aipatzen du. Testuaren arabera, probintziako gehienez bi emakume egon ahal izango dira Legebiltzarrean, 68 denera -orain arteko gutxieneko kopurua zen hori-.
Horrez gain, presidentetzarako bozetara aurkeztu nahi dutenek beren «izen ona» frogatu beharko dute, baita 76.000 euroko gordailua egin ere. Bozak irabazi edo botoen %20 bilduz gero soilik berreskuratuko dute dirua. Egun, Afganistanen droga trafikatzaileek eta gerra jauntxoek soilik dute diru kopuru hori. «Ikuskizun hutsa da guztia», gaitzetsi du giza eskubideen aldeko ekintzaile Orzala Ashraf ekintzaileak.