Petrolioaren merkatua menderatzeko Sudanen eta Hego Sudanen arteko borrokek okerrera egin duten azken asteetan. Bi herrialdeen arteko liskarrek eta tribuen erasoek arriskuan ipini dituzte mugan bizi diren milaka errefuxiatuak. Esate baterako, Elfoj herriko errefuxiatuen eremuan, Hego Sudanen, erasoak egin dituzte, eta gazte bat zauritu eta hamalau lagun desagertu dira. NBE Nazio Batuen Erakundeak mugatik aldendu ditu errefuxiatuak, eta hegoaldera bidali nahi ditu, borroketatik urruntzeko.
Hego Sudango errefuxiatu kopurua nabarmen handitu da. Iazko abendutik hona egindako erasoak direla eta, hirietatik aldendu dira herritarrak. NBEk bi hilabete ditu Sudanen eta Hego Sudanen arteko mugan dauden 5.000tik gora errefuxiatu hegoaldera eramateko, euriteek errepideak itxi baino lehen. UNHCR, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Melissa Flemingen esanetan, giza laguntza ez zaie iritsi errefuxiatu guztiei. «Ordulariaren kontrako lasterketa egiten ari gara. Errefuxiatuak hegoaldera bidali behar ditugu, lehortea amaitu baino lehen, hemen ezin baitiegu denei lagundu. Azken asteetako erasoetatik ihesi mendian sakabanatu dira herritar asko, eta giza laguntza ez zaie iritsi denei».
Erasoek 120.000 laguni eragin diete, eta giza laguntza banatzeko lanak zaildu egin dira. Elisabeth Brys NBEko Giza Laguntza bulegoko bozeramailearen esanetan, Jonglei eta Pibor eskualdeetan gertatutako erasoen eraginez, milaka lagun barreiatu dira inguruetan: «Ezinezkoa da gune guztietara iristea. Gainera, oraindik 2012an herrialderako eskatutako giza laguntzaren %9 eskuratu dugu soilik, eta laster gehiago beharko dugu».
Bestalde, Errusiak bere soldaduak aterako ditu Hego Sudandik apirila baino lehen. Zortzi helikoptero eta 120 militar ditu Hego Sudanen. Soldaduak bakea bermatzeko NBEren misioarekin bidali zituen Errusiak, 2006an, baina azken asteetako liskarren ondoren, Gennadi Batilov Atzerri ministrordeak erretiratzeko agindua eman du, «herrialdeko segurtasunik ezagatik». Hala ere, Dmitri Medvedev presidentearen arabera, «armadak betea du Hego Sudanen bakea bermatzeko helburua».
Petrolioa, liskar eragile
Petrolioa ustiatzeko enpresak Hego Sudanen dauden arren, esportatzeko hodiak Sudanek kontrolatzen ditu, eta diru tasa handiak ezarri dizkio hegoaldeko bizilagunari. Hego Sudanen arabera, 627 milioi euro lapurtu dizkio Sudanek, eta horren aurka protesta egiteko, upelen garraioa etetea erabaki du. Bi aste beharko ditu esportazioak guztiz gelditzeko; horrek petrolioaren igoera eragingo du, bai Sudanen eta bai Hego Sudanen, eta herritarren haserrea eragin dezake.
Hego Sudango neurriak nazioartean ere eragina izango du, batez ere Europako Batasunean. Izan ere, Irango petrolioa ez erosteko zigor neurrien eraginez, beste petrolio esportatzaile batzuk bilatu behar dituzte EBko kideek.
Milaka errefuxiatu Hego Sudango mugako erasoetatik aldendu dituzte
NBEk bi hilabete ditu 5.000tik gora lagun lekuz aldatzeko, euriteek hegoalderako errepideak itxi aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu