Mundua

Milaka eta milaka lagun manifestatu dira Moskun, bozetan iruzurra izan dela salatzeko

Albiste agentzien arabera, Putinen aroan, Perestroikaz geroztik, inoiz izan den manifestaziorik jendetsuena izan da. Antolatzaileen arabera 40.000 lagunek parte hartu dute, eta bozak berriro egitea eskatu dute.

2011ko abenduaren 10a
17:55
Entzun

Gaur goizean Errusian azken hamar urteetan izan den manifestaziorik handiena egin dute Moskun, oposiziak deituta, eta milaka eta milaka lagun bildu dira; antolatzaileen arabera, 40.000 izan dira eta Poliziaren arabera 25.000 eta 30.000. Bolotnaia plazan egin dute bilkura, eta beste plaza batean, Iraultzarenean, 10.000 lagun gehiago bildu direla esan du oposizioak. Zenbait iturrik diote Perestroikaz geroztik izan den manifestaziorik handiena izan dela.

Vladimir Putin agintera iritsi zenetik ez da horrenbeste jende bildu duen manifestaziorik izan albiste agentzien arabera, eta gaurkora azken hauteskundeetan iruzurra izan dela salatzeko deitu dute; bozak berriro egiteko eskatu dute. Putin lehen ministroak 50.000 polizia atera ditu kalera, BBC Erresuma Batuko telebista kateak jakinarazi duenez.

Hauteskundeetan Putinen alderdia jo dute garailetzat, Duman gehiengo osoarekin. "Putin kanpora" oihukatu dute manifestariek, beste oihu batzuen artean. Errusiako presidente eta lehen ministro izan ostean, berriro presidente kargua hartzeko hautagai da Putin. 

Errusiako beste hiri batzuetan ere manifestazioak izan direla esan du oposizioak, alderik alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.