Lurrikara arratsaldeko 14:30 baino apur bat lehenago izan zen (goizeko 08:30 Euskal Herrian). Sichuan eskualdean epizentroa izan bazuen ere, lurrikara erraz nabaritu zen inguruko eskualdetan: Yunnanen, Chongquingeko hiri-barrutian eta Gansu eta Shaanxi eskualdetan ere. Pekin eta Shanghai hirietan hainbat eraikin ebakuatu zituzten
Txina bertako eta mundu zabaleko sismologia behatokiek jasotako datuen arabera, Wenchuango barrutian kokatu zen epizentroa, Sichuan eskualdeko hiriburu Chengdutik 146 kilometro ipar-mendebaldean. Munduko sismologia zentroek eginiko neurketaren arabera, lurrikarak 7,8ko indarra izan zuen, eta epizentroa lur azaletik oso hurbil zegoen, hots, hamar kilometro inguruko sakoneran.
Lurrikararen indarrak eta epizentroa lur azaletik hurbil izateak ondorio itzelak eragin ditu. Ehunka etxebizitza lurrera erori ziren,eta hondakinen artean jende ugari gelditu zen harrapatuta.
IKASTETXE BAT SUNTSITUTA. Hondamendiak eragin zituen ondorioen artean ikaragarrienetako bat epizentrotik ehun bat kilometrora izan zen: Dujiangyan hiriko ikastetxe batean zeuden 900 ikasleak lurrikarak botatako eraikinaren hondakinen azpian gelditu ziren harrapatuta. Salbamendu taldeek 50 ikasleren gorpuak jaso zituzten atzo iluntzerako, eta ahalegin guztiak egiten ari ziren beste 850 ikasleak hondakinen azpitik bizirik ateratzeko.
Sichuaneko Shigang hiri industrialean ere hondamendi handia gertatu zen: bi kimika fabrika txikituta geratu ziren, eta eraikinetako hondakinen pean dozenaka langile gelditu ziren harrapatuta. Eraikina lurrera erori eta 80 tona amoniako airera isuri ziren, eta, intoxikazioa saihesteko xedean, sei mila lagun beren etxetatik ebakuatu zituzten.
Lurrikararen ondorioak nahikoak ez balira bezala, eurite handiak izan ziren atzo Txinan. Sichuanera eta inguruko beste eskualde batzuetara iristeko arazoak izan zituzten, horren ondorioz, salbamendu taldeek. Gune kaltetuenetara heltzeko arazoak izan zituzten hainbat bide urpean zeudelako edo luiziek errepideak eta bideak oztopatu zituztelako. Wen Jibao Txinako lehen ministroa gehien kaltetutako eskualdera joan zen atzo. Hu Jintao Txinako presidentea, bestalde, armada eta bestelako sorospen taldeak bidali zituen Sichuanera.
Sichuan, Yunnan, Gansu eta Shaanxiko eskualdeetan ez ezik, haratago ere nabaritu zen atzoko lurrikara. Pekin hiriburuan eta Shanghai hiri handian ere astinaldiak izan ziren. Pekinen 3,9ko indarra izan zuen lurrikararen erreplika handienak. Lur astinaldiak eragindako izualdiaren eraginez, ehunka lagun atera ziren beren bulego eta etxebizitzetatik. Agintariek emandako argibideen arabera, alta, lurrikarak ez zuen kalterik eragin Pekinen. Olinpiar Jokoetarako paratutako eraikuntza berrietan ere ez zuen inolako kalterik eragin. Biktimarik ez zela izan azpimarratu zuten ere.
Txinan ez ezik, baina, inguruko herrialdeetan ere nabaritu zen lurrikara. Hong Kongen eta Taiwango uhartean ere sumatu zuten astinaldia, baita are urrunago ere: Vietnamen eta Thailandian, esaterako. Herrialde horietan, baina, ez biktimarik, ezta kalte materialik ere ez zuen eragin lurrikarak, bertako informazio iturrien arabera.
LURRIKARA UGARI TXINAN. TXINAN MAIZ IZATEN DIRA LURRIKARAK. Indiako plaka tektonikoa ipar-ekialdera egiten ari da, eta horrek eragiten ditu lurrikarak. Orain dela 50 milioi urte hasi zen fenomenoa, hau da, plaka tektonikoa ipar-ekialdera egitearena. Himalaiako mendi katearen garaiera, horren eraginez, handituz ari da.
Richter eskalan atzokoaren indar adina izan duten lurrikararik, baina, ez da izan azken urteotan Txinan -biktima gehiago eragin dituztenak bai, ordea-. Hauek dira azken urteotako lurrikara gogorrenak: 2006. urteko uztailaren 23a (5,1ko indarra); 2005eko azaroaren 26an (5,7) eta 2003ko uztailaren 21ean (6,2) eta otsailaren 24an (6,8).
LurrIKaraK
Munduko azken lurrikara handienak
1976-07-28. Tangshan (Txina). Richter eskalan 7,8ko indarra zuen lurrikara batek 242.000 lagun hil zituen, Pekineko agintarien arabera; nazioartearen arabera, berriz, 700.000tik gora.1927-05-22. Nanchang (Txina).8,3 indarreko lurrikara; 200.000 hildako inguru.
1920-12-16. Gansu eskualdea (Txina); 8,6ko indarra; 180.00o hildako.
1923-09-01. Tokio eta Yokohamako eskualdeak (Japonia); 8,3ko indarra; 140.000 hildako.
1908-12-28. Messin eskualdea (Italia); 84.000 hildako.
1932-12-26. Gansu eskualdea (Txina); 7,6ko indarra; 70.000 hildako.
1970-05-31. Ancash (Peru); 7,6ko indarra; 66.800 hildako.
1970ko urtarrila. Yunnan eskualdea (Txina); 7,5ko indarra; 55.000 hildako.
1990-05-21. Ghilan eta Zandjan eskualdeak (Iran); 7,3ko indarra; 37.000 eta 50.000 hildako artean.
1915-01-13. Avezzano (Italia); 7,5ko indarra; 30.000 hildako.
1939-01-24. Chillan (Txile); 8,3ko indarra; 28.000 hildako.
1988-12-07. Spitak (Armenia); 6,9ko indarra; 25.000 hildako.