Nahiz eta oraindik ofiziala ez den, tibeteraren erabilera mugatu nahi du Txinako Gobernuak eskoletan. Eta asmo horren aurka, herenegun, milaka ikasle atera ziren kalera, Qinghain (Txina). Giza eskubideen aldeko erakundeek eman dute protesten berri; Free Tibetek azaldu duenez, 5.000 eta 9.000 pertsonak egin zuten bat ekimenarekin. Txinako Gobernuaren politikengatik beren hizkuntzaren eta kulturaren «erosioa» gertatzen ari dela uste dute ikasle tibetarrek.
Jendetsua eta baketsua izan zen manifestazioa. «Tibeten halako protestak egiten direnean, Poliziak esku hartzen du. Oraingo honetan, ordea, geldirik gelditzea erabaki du», azaldu du Free Tibet erakundeak. Iraganeko esperientzietatik ikasiak direnak, ordea, datozen egun eta asteetan jazarriko zaizkien beldur dira.
Euren eskubideen alde egindako azken protestetan, izan ere, gogor jazarri zitzaien Txina. Armadaren erantzun bortitzagatik, tibetarrek ondo gogoan dituzte 2008ko liskarrak. Lhasan hasi ziren, eta Txinako eskualdeetara zabaldu ziren orduko protestak. Haiek iraun zuten bitartean, 21 lagun hil ziren, Pekingo iturrien arabera. Erbesteratutako tibetarrek diote, haatik, soldaduek berrehundik gora lagun hil zituztela.
Txinako eskualdea izanagatik, populazioaren gehiengoa tibetarra da Qinghain. Horregatik, eskoletan mandarineraz gain, tibetera ere erabiltzeko aukera eman du orain arte gobernuak. Hezkuntza erreforma indarrean sartzen badute, ordea, materia guztiak mandarineraz ikasi beharko dituzte ikasleek; erabiliko dituzten testuliburuak ere hizkuntza horretan egongo dira. Ondorioz, atzerriko hizkuntzei bezainbeste ordu emango dizkiote tibeterari.
«Txinak gauzatu nahi dituen erreformek Iraultza Kulturala gogorarazten didate», adierazi du Qinghaiko irakasle batek, izenik eman gabe. «Eta erreformak ez dira soilik gure hizkuntzaren aurkakoak izango. Izan ere, Txinako Konstituzioaren beraren aurkakoak ere izango dira». Free Tibeten ustez, hezkuntzan iragarritako aldaketak egiten badituzte, euren legezko eskubideak larri urratuko dituzte. Haatik, ez da jasaten duten lehen erasoa izango; «Tibeteko okupazioa zementatzeko estrategiaren barruan dago hau guztia; Txina, izan ere, sistematikoki ahalegindu da tibetarron hizkuntza hutsaren pareko bihurtzen».
Milaka ikaslek salatu dute Txinak tibeteraren erabilera gutxitu nahi duela eskoletan
Tibetarrek euren hizkuntza eskubideen alde manifestazio baketsua egin dute Qinghai eskualdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu