Gaurko egun batez olatu erraldoi bat astindu zuen Indiako Ozeanoa. 2004. urteko abenduaren 26a zen. Tsunamiak hamar herrialde astindu zituen eta orotara 220.000 hildako eragin zituen. Nazioartearen diru laguntzari esker abiatutako berreraikuntza lanak poliki doaz. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera suntsituta etxeen %37,5 baino ez dira zutitu.
Hori guztia oroitzen ari dira hondamendi izugarri hura bizi izandako lekuetan: Indonesian, Thailandian, Sri Lankan zein Indian. Hala, dolua agertzeko ospakizun ugari egiten ari dira leku batzuetan eta besteetan, hainbat erlijioren araberako errituak zein laikoak. Milaka lagun ari dira horietan guztietan parte hartzen, eta haietako asko Mendebaldetik joandako turistak dira.
Baina gune batzuetan ez dute dolu agerpenetarako betarik izango, duela bi urteko tsunamiak gogorren astindu zuen Indonesiako Sumatra uharteko Banda Aceh eskualdean kasu. Izan ere, uholde handiak izan dituzte egunotan, eta gutxienez ehun lagun hil dira. 300.000 lagunen bizilekuak uraren mende jarraitzen du oraindik.
Arestian aipatu bezala, Richter eskalan 9,3ko indarra izan zuen itsas seismoaren epizentroa izan zen eremuan eragin zituen kalte handienak tsunamiak: Indonesiako Sumatra uhartearen mendebaldeko Banda Aceh eskualdean. Olatu erraldoiak 168.000 lagun hil zituen bertan eta 600.000tik gora etxebizitzarik gabe utzi. Bi urte geroago, nazioarteko laguntzari esker, 48.000 etxe berreraiki dira, helburua 128.000 zutitzea zenean.
Gobernuz kanpoko erakundeek diotenez, 70.000 herritar egoera oso larrian daude oraindik era. Indonesiako agintarien ustez 40.000 dira egoera larrian dauden pertsonak. Aceh berreraikitzeko premiak, aldiz, eskualde honen burujabetzaren aldeko gerrillaren eta agintearen arteko bake hizketaldiak bultzatu zituen. Hil honen hasieran egin ziren bozetan, Aceheko herritarrek independentziaren aldeko gerrillari ohi bat aukeratu dute gobernadore kargurako.
SRI LANKAN, DIRUA GATAZKAN BAHITUTA. Sri Lankan ere handia izan zen hondamendia. Orotara 31.000 lagun hil ziren eta 114.000 etxebizitza txikituak izan ziren. Berreraikuntzarako beharrak, kasu honetan baina, ez ditu LTTEko tamil tigreen eta agintearen arteko harremanak hobetu. Nazioarteko diru-laguntza bereganatzeko borrokan jarraitzen dute bi aldeek. diru-laguntza hori kaltetuei iristen zaien ere auzitan jarri dute. Transparency International gobernuz kanpoko erakundeko eledunak gogor salatu du egoera: «Jainkoak soilik daki, diru-laguntzak kaltetuei iristen zaizkien».
Indiak eta Thailandiak ere tsunamiaren kalteak jasan zituzten. Indiako Tamil Nadu estatuan berreraikuntza lanak urtebeteko epean bukatzea espero da. Andaman eta Nicobarko uharteetan arazo gehiago egon da eta 30.000 herritar etxerik gabe geratzen dira oraindik ere. Thailandiako Phuket eskualdean dirua erruz sartu da baina azpiegitura turistikoak berreraikitzeko proiektuek izan dute lehentasuna. Phuketen 3,2 milioi turista izan ziren urte hartan eta aurtengo lehen sei hilabeteetan 1,3 milioi.
Tsunamiak antzemateko alerta sistema egokia ere ez da martxan jarri. Herrialdeek alerta sistema ezberdinak jarri dituzte martxan euren kabuz baina eragingarriagoa litzatekeen sistema bateratua ezartzeko zailtasunak daude.
Mundua
Milaka lagun ari dira parte hartzen 2004ko tsunamiaren bigarren urteurreneko dolu agerpenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu