«Iraultza ahaztu baduzue, prest gaude martiri gehiago sakrifikatzeko», oihu egiten zuten atzo milaka manifestarik Kairoko Tahrir plazan. Hirugarren egunez, bete egin zen Hosni Mubaraken erregimenaren kontrako matxinadaren sinbolo den plaza; orain, boterea lehenbailehen militarren eskuetatik zibilen eskuetara pasatzea eskatzeko. Manifestarien eta Poliziaren arteko borrokak gordindu egin dira: gutxienez, bost lagun hil dituzte tiroz, eta 700dik gora lagun zauritu dira Kairon, Alexandrian eta Suezen. Iragan larunbat gauean, Poliziak gazte bat hil zuen tiroz Kairon, eta beste bat Alexandrian. Atzo, berriz, beste hiru manifestari hil zituzten poliziek Kairoko Tahrir plazan, hango kanpalekua indarrez desegiten saiatu zirenean. Manifestariak, halere, estatuko indarrei aurre egin eta plazaren kontrolaz jabetu dira berriro.
Bost hilketek larriagotu egin dituzte Junta Militarraren eta Poliziaren kontrako protestak, eta ehunka herritarrek Kairoko Mohamed Mahmud kalea bete zuten atzo —Tahrir plazatik oso gertu—, Barne Ministerioaren aurrean protesta egiteko. Manifestariek harriak jaurti zizkioten egoitzari, eta poliziek ere harriak eta negar gasak jaurtiz erantzun zieten. Gutxienez, hamabost lagun zauritu ziren.
Hauteskundeen atarian
Tahrir plaza iragan otsailean zuen itxura hartzen ari da berriro. Dozena bat kanpadenda jarri dituzte plaza erdiko biribilgunean, eta behin-behineko ospitaleak egin dituzte kanpadendetan, zauritutako manifestariak artatzeko: negar gasek sortutako itoaldiak dira kasu gehienak. Horrez gain, zaurituak garraiatzeko motozikleta-anbulantziak ere ugaritu dira plazan, baita bertan gaua pasatzen geratu direnentzat janaria, mantak eta sendagaiak biltzen dituzten boluntario taldeak ere.
Kairoko Unibertsitatetik hainbat martxa antolatu zituzten atzo Tahrir plazaraino, eta beste hainbeste egin dute hainbat alderdi politikok ere, islamistak tartean. Izan ere, gaur zortzi egingo dituzte konstituzio berria idatziko duen parlamentua aukeratzeko hauteskundeak Egipton —lehenak, Mubaraken erregimena erori zenetik—, eta idazketa horretan militarrek izango duten gehiegizko pisua salatu dute milaka herritarrek. «Kanpaldi baketsuan jarraituko dugu Tahrir plazan, urtarrilaren 25eko iraultzaz geroztik ezer gutxi aldatu baita hemen. Polizia, ustelkeria, erregimena... lehengo berberak dira», Gihan Jalifa Tahrir plazan asteburua pasatu duen ekintzaile gaztearen arabera.
Iraultzak plazan jarraitzen du oraindik ere! eta Utikan mariskala! dira iragan ostiralaz geroztik Kairoko kaleetan gehien entzuten diren leloak. Hussein Tantaui Egiptoko Indar Armatuen Kontseilu Goreneko burua kanporatzea eskatzen dute manifestariek, eta militarrek konstituzioaren idazketan inolako parte hartzerik ez izatea. Izan ere, iragan astean trantsizio gobernuak iragarri zuen armada izango dela konstituzio berriaren «bermatzailea», eta Mubaraken erregimenaren kontrako matxinada egin zutenengan sekulako haserrea sortu du aro berrian ere militarrek har dezaketen protagonismoak.
Esam Sharaf trantsizio gobernuko lehen ministroak Tahrir plaza husteko eskatu die herritarrei, baina alferrik izan da. LArunbatean, Poliziak indarrez kanporatu zituen plazatik iragan urtarrilean hasitako matxinadan hildakoen senideak, eta ekintza horrek jende gehiago erakarri du plazara.
Kanpaina bertan behera
Egiptoko kaleetan egoera gero eta gaiztoagoa dela ikusirik, Sharaf gobernuburuak larrialdirako bilera egin zuen atzo, gobernuko ministro guztiekin, «kaleetara ordena eta diziplina itzularazteko hartu beharreko neurriak hartzeko», eta azaroaren 28an hasiko dira, hauteskundeetako bozkalekuetan segurtasuna bermatzeko.
Bestalde, Junta Militarraren kontrako protestekin bat egiteko asmoz, hainbat alderdik atzo ez zuten hauteskunde kanpainarik egin; besteak beste, Egipto Aske alderdi sozialdemokratak eta Iraultzako Gazteen Koalizioak.
Herrialde arabiarretako matxinadak
Milaka lagun atera dira Egipton kalera, eta istiluak laztu egin dira
Poliziak gutxienez bost lagun hil ditu tiroz, eta estatuko indarren eta manifestarien arteko borroketan 700dik gora zauritu diraOtsailekoaren antza hartu du Kairoko Tahrir plazak, bozetarako astebete falta dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu