Euskal Herrian 03:15 inguru zirela sartu dira poliziak Greziako telebista publikoaren egoitza hutsaraztera. Ekainaz geroztik protestan ari ziren kazetariak egoitzan, telebista katearen itxieraren kontra, eta handik bertatik emititzen zuten.
Bertan zeudenak aterarazi dituzte, berriz, gaur. "Burugogorrak gara, ez dugu etsiko". Nikolas Tsinpidas Greziako telebistako ERTko kazetaria beste hiru lankiderekin batera eraman du atxilo poliziak. "Polizia indarrean sartu da ERTko Atenasko egoitzan, eta eraikina husteko agindua eman digu airean geundela". Miatze baimenik ez diete erakutsi, baina eraikina utzi behar izan dute kazetariek. "Poliziak mikrofonoak itzaltzeko agindua eman, eta Polizia etxera eraman gaitu".
"Momentu honetan lau lankide daude egoitzan, poliziaren miaketaren lekuko gisa". Miaketa bukatzean, eraikina guztiz hustuko dute. Herritarrek egoitzaren hustearen berri izandakoan elkartasuna adierazi diete langileei. "Milaka lagun daude egoitzaren kanpoaldean". Kazetarien Nazioarteko Fundazioak salatu du Polizia "bortizki" sartu izana egoitzan, eta "amorrua" azaldu du Greziako agintariek erakutsitako "jarrera behargabea". Greziako sindikatuek manifestazioak antolatu dituzte gaurko Atenasen eta Salonikan.
Eraikina hustu badute ere, Tsinpidasek ez du amore eman nahi. «Bost hilabetez erakutsi dugu gogorrak garela. Gure lankideek borrokan jarraitzen dute». Salonikako egoitzatik ez ezik, hemeretzi eskualdetako irratietan lanean jarraitzen dute irrati telebista publikoko langileek. "Jendearen babesa dugu. Emititzen jarraitzen dugu. Hemen gaude".
Syriza alderdiko hainbat diputatu daude egoitzaren kanpoaldean, barrura sartu nahian, baina galarazi egin diete poliziek. Prozedura "antidemokratikotzat" jo dute diputatuek, eta salatu telebista kate publikoaren egoitza hutsaraztea gobernuaren "politika autoritarioaren beste adierazle bat" dela.
Ekainaz gero itxita
Ekainaren 11n itxi zuen gobernuak ERT. Haren ordez, kate publiko berri baten sorrera —NERIT— iragarri zuen Andonis Samaras Greziako Gobernuko presidenteak. Lan talde txikiagoa du kate berriak. Auzitegiek legez kanpokotzat jo zuten seinalea eten izana, eta gobernuari eskatu zioten berriro berrezartzeko. Langileek emisioari eutsi ahal izan diote ekainetik, EBU Irrati Telebistako Europako Batasunari esker aurrena, eta Internet bidez gero.