Milaka herritarrek parte hartu zuten atzo Italiako Gobernuaren kontra Erroman egin zuten manifestazioan. Antolatzaileak pozik zeuden ekitaldiaren amaieran, herrialde osotik joandako bi milioi lagun inguru bildu zirelako hiriburuko kaleetan. Oposizioko alderdia, Alderdi Demokrata, izan zen herritarrei protestarako deia egin ziena, Balioen Italia alderdiaren babesarekin. Etzi, egungo gobernuaren jarduna balioesteko botazioa egingo dute Parlamentuan. Botazio horretako emaitzak Silvio Berlusconi lehen ministroaren gobernua kolokan jar lezake. Gobernu berria osatzeko garaia dela aldarrikatu zuten atzo Erroman bildutakoek.
Nahi zuten guztiak garaiz irits zitezen, hemezortzi tren, 1.500 autobus eta bi itsasontzi jarri zituzten antolatzaileek. Goizean goizetik jendez gainezka ziren Erromako kaleak. Aldatu nahi duen Italiarekin leloa zeraman pankartaren atzetik, manifestazio bakar bat beharrean, bi egin zituzten: bata, Errepublika plazatik abiatu zen eta haren buruan Pier Luigi Bersani joan zen, Alderdi Demokratako idazkari nagusia; bestea, Partisanos plazatik abiatu zen, eta buruan Rosi Bindi joan zen, alderdi bereko presidentea. Ibilbidearen amaiera aldera elkartu ziren bi martxak, Letrango San Joan basilikaren parean.
Astearteko botazioak egungo gobernuaren azkena ekarriko duela baieztatu zuen Bindik manifestarien aurrean. Walter Veltroni Alderdi Demokratako beste buruetako batek kontu katramilatsuagoak izan zituen hizpide. Azken egunotan, Berlusconik zenbait parlamentariren botoak erosi dituela dioten zurrumurruak zabaldu ditu Italiako prentsak. «Herritarrak kalera ateratzea da horrelako gertakari ilunen ondorio on bakarra», esan zuen Veltronik.
Berlusconi, kolokan
Etzikoa egun erabakigarria izango da Berlusconirentzat. Egun horretan gobernuaren kontrako bi mozio zentsura bozkatuko dituzte Parlamentuan. Aurrera aterako balira, kolokan geratuko litzateke egungo gobernuaren etorkizuna. Izan ere, Berlusconik berak behin baino gehiagotan esan du nahikoa babes lortuko ez balu hauteskunde aurreratuetara deitzeko eskatuko liokeela Giorgio Napolitanori, Errepublikako presidenteari. Aurreikuspen garbirik ez dago oraingoz.
Milaka lagun elkartu ditu Berlusconiren gobernuaren kontrako manifestazioak
Berlusconiren gobernua babesten duen ala ez etzi erabakiko du Italiako Parlamentuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu