LURRIKARA IRANEN

Milaka lagun hil eta zauritu dira hegoaldean izandako lurrikaran

Bam hirian izan zuen epizentroa lurrikarak; agintariek diotenez, eraikinen %70 suntsiturik geratu dira

Erredakzioa
2003ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Milaka pertsona 20.000, iturri ofizialen arabera hil ziren atzo Irango hego-mendebaldean izan zen lurrikan. Goizeko 05:30ean izan zen lurrikara hango orduan, eta Bam hirian(Kerman eskualdean) izan zuen epizentroa. Hasan Khoshrou Kermango legebiltzarkideak atzo esan zuenez, «lurrikara biztanle guztiak ohean zeudenean gertatu zen; hori dela eta, hildako kopurua oso handia da».

Bamek 80.000 biztanle ditu eta bisitari ugari izaten ditu Erdi Aroko arkitektura dela eta. Oraindik ez dakite hildakoen artean kanpotarrik ba ote den. Irango telebistak atzo esan zuenez, hiriaren %70 suntsiturik geratu da. Hango iturrien arabera, seismoak Bamen inguruko nekazari herrietan kalte asko sortu du. Inguruko herrietan 200.000 pertsona inguru bizi dira, baina ezin izan dute zehaztu hildakoen eta zaurituen kopurua.

Teherango iturriek 20.000 hildako daudela esan zuten atzo gauean. Aurrez, Irango hainbat komunikabidek adierazi zuten gutxienez 5.000 lagun zirela hilak, eta 30.000 zaurituak. Probintziako presidenteak, Mohammad Ali Karimik, aurreneko balantzean esan zuen hilak 5.000 eta 6.000 bitartean zirela. Halere, Karimik esan zuenez, «pertsona asko daude etxeen hondakinen azpian». Kopuru horiek guztiak txiki geratu ziren, Irango Gobernuak gauean emandako zifrarekin: 20.000 hildako.Teherango Unibertsitateko Geofisika Unibertsitateak igorritako informazioaren arabera, 6,3 gradu izan zituen Richterren eskalan atzoko lurrikarak.

Khoshrou legebiltzarkideak adierazi zuenez, salbamendu lanak oso zailak dira. Bamen telefonoak moztuta baitaude; energia eta ura helarazteko ere arazoak dituzte. Gainera, Ali Karimik esan zuenez, hiriko ospitale guztiak suntsitu ziren lurrikaran, eta han zeuden mediku guztiak hil dira. Hori dela eta, zaurituak inguruko ospitaleetara eraman behar izan dituzte. Teheranek zaurituei laguntzeko sendagaiak eta odola emateko deialdia zabaldu du.

Bestalde, arestian esan bezala, Bamgo eraikuntzen gehienak suntsiturik geratu dira lurrikara dela eta. Horregatik, ehunka biztanle bizilekurik gabe geratu dira. Erreskate taldeek mantak eta jantziak bidaltzeko eskatu dute, urte sasoi honetan Kermango probintzian zero azpiko tenperaturekin igarotzen baitituzte gauak. Herrialdea Irango txiroenetarikoa da.

Bizirik daudenak topatzea lehentasuna

Ilargi Gorria Irango aditu taldea Bamen da dagoeneko, lurrikara jasan dutenei laguntzeko. Aditu taldearen aburuz, bizirik daudenak topatzeak du lehentasuna. «Lehentasuna bilaketa eta salbamendu lanak dira. Horrela, bizirik daudenei laguntzeko aukera izango dugu», adierazi zuen atzo Mostafa Mohaghegh Ilargi Gorriko nazioarteko harremanetarako arduradunak. Mohagheghek esan zuenez, bost aditu talde daude Bamen, eta zaurituak ospitaleetara eraman eta sendagaiak banatzen ari dira. Elikagaiak eta arropa banatzen hasteko asmoa dutela ere gaineratu zuen Mohaghek.

Sergei Shoigu Larrialdi Egoeretarako Errusiako ministroak esan zuenez, Iranera laguntza bidaltzeko prest daude. Lau aditu talde lurrikara izandako lekura berehala joateko prestatu ziren atzo. Erreskate taldeek arrastoari jarraitzen dioten zakurrak eramango dituzte lurperatu direnak topatu ahal izateko, baita sendagaiak, ura eta elikagaiak ere.Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia «jota» agertu zen atzo Iranen gertaturikoaren haritik. Nazioarteari «lurrikararen biktimak salbatzeko lanetarako» berehala laguntza emateko dei egin zion Annanek. NBEko Giza Arazoetarako Koordinazio Bulegoak 90.000 dolar eman zituen, larrialdi lanak abiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.