Kairoko Tahrir plazak Hosni Mubaraken aurkako bilkura handien itxura hartu du bertze behin, Egiptoko presidentetzarako bozetarako hilabete falta denean. 30 alderdi eta eragilek baino gehiagok deitu zuten atzoko protesta, Militarren kontrolpean idatzitako konstituzioari ez lelopean. Plazan bildutako hedabideen arabera, manifestarien eskakizun nagusiak izan ziren Junta Militarrak agintea lehenbailehen uztea, eta Mubaraken erregimeneko kide izan zirenak boterera ez itzultzea.
Goizetik hasi ziren manifestariak Tahrirrera ailegatzen, eta egun osoan milaka lagunek bete zuten plaza. Manifestariak nagusiki Anaia Musulmanen jarraitzaileak, salafistak, liberalak eta ezkerrekoak ziren, han bildutako hedabideen arabera. Al Jazeerako berriemaileak nabarmendu du plazan alderdi bakoitzak bere eremua ezarri zuela, baina oinarrizko eskakizunetan bat egin zutela.
Militarrekin mesfidati
Atzoko protesta aspaldiko handiena izan da Tahrir plazan. Presidentetzarako bozetako hainbat hautagai hauteskunde batzordeak lehiatik at utzi dituenean egin dute, hain justu. Horietako bi dira Anaia Musulmanen hautagai Khairat el-Xater, eta Hazem Abu Ismail salafistena. Indar horiek erabakiaren aurka mobilizazioak deituko dituztela iragarri dute.
Mubaraken espioitzako buru ohi Omar Suleiman da lehiatik at utzi duten bertze hautagai bat, eta hori ongi hartu dute erregimenaren aurka zeuden indarrek. Ahmed Xafiq lehen ministro ohiari, ordea, aurkezten utzi diote. Militarrek uztailerako agintea utziko dutela erran arren, manifestariak ez dira fio, uste baitute hurbileko norbait boterean jarriko dutela. Armadak bozak gainbegiratu nahi dituela ere salatu dute, eta zibilei egindako epaiketa militarrak amaitzeko eskatu dute.
Milaka lagunek hartu dute Kairoko Tahrir plaza
Junta Militarrari boterea uzteko eskaeran bat egin arren, indar politikoak banatuta joan dira protestara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu