AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Kanadak, Japoniak eta Errusiak osatzen dute G8 taldea. Behatzaileen iduriko, baliteke AEBetako presidente George Bush klima aldaketaren gaineko jarreretan bakarrik geratzea, Washington baita gas kutsagarriak igortzea murrizteko 1997an Kyoton (Japonia) sinatutako ituna berretsi ez duen bakarra. Haatik, azken egunotan bere jarrera leundu du Bushek.
Greenpeace erakunde ekologistak neurri irmoak eskatu zizkien atzo G8koei klima aldaketari aurre egiteko.Afrikari dagokionez, hiru gaitan oinarritzen da eztabaida; kanpo zorra, laguntza eta merkataritza harremanak. Adituen hitzetan, atzerriko diru laguntzak inolako kontrolik gabe banatzen dira eta maiz buruzagien esku geratzen dira. Kongoko Errepublika Demokratikoa jarri dute horren adibidetzat: 1975 eta 1997 artean 9.300 milioi dolar eman arren, gehiena orduko diktadore Mobutu Sese Sekoren esku geratu zen. Iragan ekainean G8ak Afrikako 18 herrialderi kanpo zorra barkatzea hitzartu zuen. Laguntzei dagokienez, aldiz, Berlin izango da oztopo gehien jarriko dituena. Alemaniako kantziler Gerhard Schroeder ez dator bat datozen bost urteotan herrialde txiroentzako diru laguntzak bikoiztearekin. Halaber, Afrikan ustelkeriaren kontrako egitasmoak bultzatzeko eskatuko du. Londresek Erroma eta Mosku izango ditu alde negoziazioetan. Bilkuran parte hartzera gonbidatu gisa joandako NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek atzo ohartarazi zuen «orain» dela Afrikari laguntzeko unea. Laguntza bikoizteko «borondate politikoa» erakusteko eskatu zien Mendebaldeko agintariei.Europako Batasunak garapen bidean diren herrialdeei urtero ematen dien laguntza 700 milioi eurotik 1.000 milioi eurora igotzea proposatu zuen Europako Batzordeak atzo. Helburua herrialde horien esportatzeko ahalmena da, eta horrez gain, Europako nekazaritza produktuen esportaziorako diru laguntza guztiak ezabatzeko eskaintza berretsi zuen, baina G8ko estatuek gauza bera egitearen baldintzapean.
Protestak leku askotan
Bestalde globalizazioaren eta pobreziaren aurkako taldeek manifestazioak egin dituzte egunotan. Faslaneko itsasontzi basean, esaterako, 500 bat lagun bildu ziren herenegun armen salerosketa salatzeko. Herrialde txiroenei armak salduz dirua irabaztea ere leporatu zieten manifestariek G8ko kideei. Edinburgo hiriburuan ere protestarik izan zen herenegun, G8koen itxurakeria eta hitz hutsen politika salatuta. Halaber, martxa baketsua egin zuten beste hainbat taldek, eta Poliziak hauen kontra jo eta zenbait atxilotu zituen.
Goizean Stirling hirian 600 bat manifestarik protestagileentzako kanpalekutik atera eta Gleneaglesera jo nahi izan zuten. Poliziarekin topatu eta liskarrak izan ziren. Hainbat manifestari eta polizia zauritu ziren, eta Poliziak 60 bat pertsona atxilotu zituen. Protestagile batzuek ondoko M9 autobidea blokeatu zuten.Era berean,Auchterarder herritik Gleneagleserako martxa egin zuten milaka manifestarik eta haietako batzuek goi bilera aterpetuko duen hotelaren inguruko hesiaren zati bat botatzea lortu zuten. Poliziak gogor erantzun, eta zaurituak eragin zituen. Handik urrun ere, Glasgow hirian, atxiloketak egin zituen, ustez protestetara zihoazen gazte batzuk kalean atzemanda.
-
NAZIO BATUEN TXOSTENA
G7ko estatuek, gehiago aberastu eta gutxiago eman
NBEren Garapenerako Programak kaleratutako txostenaren arabera, munduko zazpi estaturik aberatsenak (AEBak, Japonia, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Kanada) gero eta gehiago aberasten ari dira azken 15 urteotan, baina, aitzitik, gero eta laguntza gutxiago bideratzen dute herrialde txiroetara. NBEk ez du bere txostenean Errusia sartu (haiekin batera G8 taldea osatzen du), ez baita estatu diru emailea. Oraingo joerak berdin segituz gero, estaturik aberatsenak ez dira 2015erako beren Barne Produktu Gordinaren %0,7 herrialde pobreen laguntzarako bideratzeko gai izango. 1990 eta 2005 artean G7ko estatuetan biztanleko 168 dolarrera igo dira, batez beste, gastu militarrak; garapenerako laguntzak, aldiz, biztanleko 7 dolarrera jaitsi dira. Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek Afrikarako laguntza handitzeko eskatu du, baina 1990 eta 2003 artean Londresek Afrikara bideratutako laguntza 13 dolarretik 16ra soilik handitu da biztanleko, hauek urteko 7.800 dolar inguru jasotzera iritsi diren bitartean.