Herenegun ez bezala, Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak palestinarrei ez aurre egiteko agindu die orain poliziei: «Oinarrizko elikagaiak eskuratzeko sartzea baimentzeko eta gero itzultzen uzteko eskatu diet, armak ez badaramatzate». Egiptoren jarrera salatu du Israelek eta mugan segurtasuna berrezartzea galdegin dio. Izan ere, ekintzaile palestinarren arma iturri nagusia da Egipto. Gaza kanpoaldearekin lotzen duten sei igarobideetatik Rafakoa da Israelen kontrolpean ez dagoen bakarra.
Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroak aditzera eman duenez, Israelek mantendu egingo du Gazaren bakartzea ekintzaile palestinarren erasoak iraun bitartean: «Haien lurraldearen lasaitasunaren eta gurearen artean aukeratu behar badut, ez dago zalantzarik». Gazan gosetea eta egoera kritikoa izatea ukatu du Barakek. Dena den, Hamasi leporatu dio herritarrek pairatzen duten egoera. Argudiatu duenez, ekintzaileek jaurtikitako koheteetatik defendatzea baino ez du egiten Israelek. NBEren zenbaketari jarraiki, urtarrilaren 15etik 150 kohete bota dituzte.
Hamasen kontrolpeko Palestinako Aginte Nazionaleko zatiaren lehen ministroak, Ismail Haniak, larrialdi bilera egiteko eskatu die Al Fatari eta Egiptoko Gobernuari muga pasabideen kontrola negoziatzeko. «Parte-hartze nazionalean oinarrituz» mugak irekitzea galdegin du Haniak. Al Fataren kontrolpeko PANen Gobernuarekin muga pasabideak partekatzeko prest dagoela azaldu du: «Ez dugu auzi hauek kudeatuko dituen bakarrak izan nahi». Gazako krisi humanitarioa gainditzeko bide bakarra elkarrizketa dela zehaztu du.
Bestalde, Khaled Meshaal Hamasen erbesteko buruaren arabera, «amarrua» da Israelek Gazan blokeoa arindu izana, eta haren arabera ez du eragingo palestinarrek armak uztea. Gazaren setioaren aurrean «herrialde arabiarrek agertu duten isiltasuna» salatu du Meshaalek. «Gaza historiako kartzelarik handiena bilakatu da eta garaia heldu da kartzela hau desegiteko». NBEren Segurtasun Kontseiluan baino jainkoarengan dutela itxaropena zehaztu du.
Hain zuzen ere, atzo berriz elkartu zen Segurtasun Kontseilua herenegun larrialdiko bilkura egin ostean. Hala ere, AEBetako enbaxadorearen oniritzirik gabe ez zuten Israelen blokeoaren aurkako adierazpenik onartu-gainontzekoen nahia hori zen-, 15 kideek aho batez berretsi behar zutelako.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak azaldu du Israelgo lehen ministro Elhud Olmertekin mintzatu zela setioa arintzeko. «Segurtasuna bermatzeko bidezko eskubidea» duela arrazoitu du Banek, baina hartutako neurriek ez dutela zibil errugabeentzako zigor kolektiboa izan behar. Era berean, «koheteen erasoak berehala gelditzeko» eskatu die ekintzaileei.
Hala ere, indarkeriak ez du etenik eta Israelgo armadak bi palestinar hil ditu bi erasotan. Mediku iturrien arabera, hildakoetako bat 15 urteko gaztetxoa da. Israelgo armadak etxebizitzen aurka egin duen erasoan hil da. Arratsaldean, hamar tanke Gazako iparraldean barneratu dira. Armadaren arabera, «mehatxu terroristen aurkako ekintza» izan da. Bestalde, Al Aksako Martirien Brigadek berengain hartu dute Tulkaremen (Zisjordania) Israelgo militarren guneari egindako erasoa.
GUTXIENEAN BIZITZERA KONDENATUAK. Nahiz eta Israelek Gazaren kontra blokeoa ezarri, bake negoziazioekin segitzeko eskatu zuen herenegun Mahmud Abbas PANeko presidenteak. Bere behin-behineko kabineteko lehen ministro Salam Fajaden esanetan, ordea, elkarrizketak arrakasta izateko, blokeoa amaitzea «premiazkoa» da. Fajadek «oso arriskutsua» iritzi dio bakartzeari, eta mugak zabaltzeko eskatu dio Israeli: «Ezin da jendearen oinazea mantendu ez eta gutxienean bizitzera kondenatu ere».
Abbasen menpekoaren arabera, «palestinarren bizi baldintzak hobetzea, indarkeriari aurrea hartzea da, eta sinesgarritasuna irabaztea».
«Gaza historiako kartzelarik handiena bilakatu daeta garaia da kartzela hau desegiteko»
Khaled Meshaal
hamasek erbestean duen buruzagia
«Haien lurraldearen lasaitasunaren eta gurearen artean aukeratu behar badut, ez dago zalantzarik»
Ehud barak
israelgo defentsa ministroa