Milaka txinatarrek protesta egin dute berriro Japoniaren aurka

Tokiok bere interesen kontrako indarkeria gaitzetsi eta Atzerri ministroa bidali du krisiari aterabidea bilatzeko

Erredakzioa
2005eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
«Ez dugu Japonia gorroto, baina iraganeko okerrak ezagut ditzan nahi dugu, Alemaniak egin zuen bezala», adierazi zuen atzoko protestetan parte hartu zuen gazte batek. Izan ere, protesta gehiago egin zituzten Txinako hiru hiri handitan, Japoniako eskola liburuen inguruan sortutako polemikaren haritik. Joan den larunbatean beste hiri batzuetan izandako protesten ondoren Pekinek lasaitasunerako deia egina zuen arren, atzo milaka manifestarik kaleak hartu eta Japoniaren ordezkaritzen egoitzei zein interes ekonomikoei eraso zieten, harriekin batik bat, Shanghai, Hangzhou eta Tianjin hirietan. Tokioko gobernuak, berriz, Japoniaren interesen aurkako erasoak gaitzetsi zituen, baina baieztatu zuen gaur Atzerri ministro Nobutaka Machimura Txinara bidaliko duela, krisi diplomatikoari konponbidea bilatze aldera.

Manifestariak biziki haserre azaldu dira azken egunotan, Japoniak II. Mundu Gerran eginiko sarraskiak eta milaka txinatar, filipinar eta korear esklabo sexual gisa erabili izana ez baititu azaldu berriki onartu dituen eskola liburuetan.Protestak ez ezik, istiluak izan ziren aipatutako hirietan, larrienak Shanghain. Iturri ofizialen arabera, dozenaka mila pertsona (lekuko batzuen esanetan, aldiz, 5.000 inguru) Yanan etorbidean barrena ibili ziren, Japoniaren kontrako leloak oihukatzen. Manifestarietako batzuek adreiluak eta galtzada harriak jaurti zituzten Japoniak hirian duen kontsuletxera, Japoniako konpainietako dendetara eta jatetxe japoniar frankotara, nahiz eta haietako askoren jabeak txinatarrak izan. Itxura batean, jaurtigai horiek zenbait manifestari zauritu zituzten. Beste batzuk, aldiz, Poliziak zauritu zituen, Japoniako kontsuletxera sartzea galarazi zienean.Hangzhou hirian, berriz, 10.000 bat pertsona bildu ziren Huanglong estadioaren ondoan, eta Japoniaren kontrako oihuak botatzeaz gain, herrialde horretako produktuen kontrako boikota eskatu zuten. Pekindik hurbil, Tianjinen, beste 2.000 pertsona inguruk egin zuten protesta ekitaldia Yinle plazan.Manifestazioetara Japoniaren kontrako elkarteen webguneen, ikasleen Interneteko foroen eta sakelako telefonoen bidez deitu zuten antolatzaileek. Japoniako bandera ezabatuta agertzen zuten zenbait pankartak, baita Japoniako Armadak 1937an Nankinen (Txina) eginiko sarraskiaren argazkiak eta Japoniako lehen ministro Junichiro Koizumi barregarri uzten zuten irudiak ere. Bitartean, Pekingo eta Kantongo segurtasun indarrek poliziakide kopurua handitu zuten Tiannanmen plazaren eta hiriburuaren erdiguneko beste zenbait tokiren inguruan, joan den asteko protestak eragozteko. Tokioko gobernuak gogor gaitzetsi zituen atzoko eta aurreko egunetako protestetan Japoniaren interesek jasandako erasoak. Nolanahi ere, Machimura Atzerri ministroa Pekinera bidaltzea erabaki zuen, eta gaur da hara iristekoa. Machimura bera kexatu zen Pekingo gobernuak ez dituela behar bezalako neurriak hartu «indarkeria eta suntsiketa ekintzak galarazteko». «Shanghaiko segurtasun sistema ez da aski», arranguratu zen, Txinako agintarien eta Poliziaren aldetik pasibotasuna salatuta. Gainera, kezka agertu zuen halako ekintzak kontrolik gabe hedatzeko posibilitatea dela eta.

Konponbidearen bila



Bi herrialdeon arteko tirabirak leuntzen saiatzeaz gain, Japoniako interesek pairatutako kalteengatik zein duela astebete hiru japoniarrek jasandako zauriengatik ordainak eta barkamena eskatzeko exijituko dio Pekini Machimurak gaur. Oraingoz hori egiteari uko egin dio Pekinek, eta Tokiori egotzi dio txinatarrengandik indarkeria eta protesta ekintzak pizteko erantzukizuna, Japoniak apirilaren 5ean argitaratutako zortzi eskola liburutan iragana bere erara moldatu duela argudiatuta.

Aitzitik, Txinako eta Hego Koreako gobernuei japoniarren kontrako gorrotoa zabaldu nahi izatea egotzi die Tokiok, eta Japoniak herrialde horietan egindako sarraskiengatik hainbat bider barkamena ofizialki eskatu duela gogorarazi.

-

krisiaren beste arrazoiak



Lehia politiko eta ekonomikoa ere arazo iturri izan da



Aste honetan Japoniako zenbait politikarik adierazi dutenez, Tokioren kontrako mobilizazioen atzetik dagoen benetako arrazoia zera da, Japonia NBEren Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra izan dadin eragoztea eta lehiakortasun ekonomikoa murriztea. Halaber, Txinak bere ikasleei Tiannanmengo 1989ko sarraskia, milioi bat tibetarren hilketa eta disidente politikoen kontrako jazarpena ezkutatzen dizkiela salatu zuten. Bestalde, adituen esanetan, Japoniak aurkari politiko eta ekonomiko gero eta garrantzitsuagotzat jotzen du Txina. Iaz Japoniak bere defentsa politika berrian nabarmendu zuen Txina balizko mehatxu militarra dela etorkizunerako. Gainera, Taiwanen aldeko agertu da Japonia, baita Txinak persona non grata-tzat jotzen duen Tibeteko buru Dalai Lamaren bisita jaso ere, aste honetan. Horrez gain, Pekinek beretzat dituen uretan Tokiok gasa ateratzeko baimenak eman dizkie enpresa pribatuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.