Primarioak AEBetan

Milioika estatubatuar bozkalekuetan

=i Astearte handia=i da gaur, 24 estatutan demokraten zein errepublikanoen presidentziarako hautagaia erabakitzeko bozkatuko duten eguna. Demokraten artean, parekatuta daude Clinton eta Obama, eta errepublikanoetan, McCain da faborito

2008ko otsailaren 5a
16:50
Entzun
Milioika estatubatuarrek emango dute gaur botoa hauteskunde primarioetan, hots, Alderdi Demokrataren zein Errepublikanoaren presidentziarako hautagaia aukeratuko duten bozketan prozesuan. Goizean goizetik hasi dira botoa ematen 24 estatutan, besteak beste, handienetako batzuetan, hala nola, Kalifornian, Arizonan eta New Yorken.

Presidentegai demokrata izateko hautagai nagusietako bat den Hillary Clinton senadoreak dagoeneko eman du botoa, New Yorkeko Chappaqua herrian. Bozkatu ondoren ez du adierazpenik egin nahi izan. Bill Clinton senar eta AEBetako presidente ohiarekin eta Chelsea alabarekin joan da bozkalekura.

Funtsean, AEBetako hautesleen ia erdiak bozkatuko dute gaur 24 estatu horietan, eta horregatik deitzen zaio gaurkoari Astearte handia.Ondorioz, gaurko eguna erabakigarria izan daiteke hauteskunde primarioetan. Errepublikanoen artean, esaterako, Arizonako senatari John McCain da faborito argia. Botoen %48 ematen dizkiote inkestek, haren arerio nagusia den Massachusettseko gobernadore ohi Mitt Romneyren bikoitza. Horretaz gain, hainbat estatutan -errepublikanoen kasuan- boto gehien irabazten dituenak lortzen ditu ordezkari guztiak. Hori gertatzen da New Yorken, esaterako. Beraz garaipena ez da bera estatu batean edo bestean.

Demokraten artean oso desberdina da egoera. Illinoisko senatari Barack Obama eta New Yorkeko senatari Hillary Clintonen arteko aldea ezereza da. Azken inkestek soilik lau puntu gehiago ematen dizkiote Clintoni. Era berean, demokratek proportzionalki banatzen dituzte ordezkariak, lortutako botoen arabera, alegia. Beraz, bietako batek alde handia atera beharko lioke besteari Alderdi Demokrataren hautagaitza erabakita uzteko.

KANPAINA ESTUA. Azken egunotan gelditu ere egin gabe ibili dira hautagaiak kanpaina egiten. Lehia gogorra da, eta ez dago atseden hartzeko astirik. Botoak bildu behar dituzte batetik, eta dirua bestetik. Izan ere, presidentegaiak aukeratu ostean, are eta diru gehiago beharko dute presidentetzarako kanpainarako. Demokratak dira diru bilketan aurretik doazenak. Obamak, adibidez, 32 milioi dolar jaso ditu urtarrilean, milioi bat inguru egunean. Kennedy familiaren sostengua jaso izana bera bultzada handia izan da Illinoisko senatariarentzat. «Hego Carolinan horren erraz irabazteak eta Kennedy familiaren babesa izateak bultzada handia eman dio Obamaren kanpainari», nabarmendu du CNNko analista politiko Hill Schneiderrek.

Errepublikanoentzat, ordea, Clinton da benetako arerioa. Ez da harritzekoa. New Yorken eta New Jerseyn sostengu handia du hautagai demokratak, eta alderdi horrek 339 ordezkari ditu jokoan bi estatu horietan. Horretaz gain, bozen bidez aukeratzen ez diren ordezkarien artean ere sostengu handiagoa du Clintonek. Horien alderdiak uda hasieran egingo duen konbentzioan aukeratuko dute beren gustuko presidentegaia.

Horiek hala, Astearte handirako kanpainako azken eguna izan zen herenegungoa. Obamaren aurka egiteko baliatu zuen asteburua Clintonek: «Proban jarri nautelako jarraitzen dut hemen. Obamak, aldiz, ez die bere aurkako erasoei aurre egin». Illinoisko senatariak, aldiz, erantzun zion esanez errepublikanoen erasoei ez ezik, demokratenei ere egin behar izan diela aurre. Izan ere, eskola musulmanetan ikasi zuen zurrumurrua zabaldu zuten Interneten.

ALDAKETA, GARAIPENERAKO GAKOA. Egungo presidente George Bushen sostenguaren gainbehera ikusita, argi dago estatubatuarrek aldaketa nahi dutela. Baina horrek ez du esan nahi demokratek irabaziko dutenik. Errepublikanoen artean ere badira Bushen politikak aldatzearen aldekoak. McCain da horietako bat. Aldaketa da haren kanpainako lema, eta horri esker errepublikanoen artean liberalagoak direnen sostengua ere jaso du. «Pozik nago alderdiko talde guztien babesa dudalako, hasi kontserbadoreenetatik eta liberaletaraino», nabarmendu du McCainek berak.

Hautesle kontserbadoreenek, aldiz, Romney eta Arkansasko gobernadore Mike Huckabeeren artean daude zalantzan. Huckabeek soilik 40 ordezkari dituen arren, ez dago amore emateko prest. «Romneyk uste badu benetako lehia bi hautagairen artekoa dela, erretiratu egin beharko luke, McCain eta nire artekoa delako», adierazi du Arizonako gobernadoreak. Hala ere, badira uste dutenak Huckabeek epe motzean erretiratzeko asmoa duela, eta McCainen aldeko botoa eskatuko duela orduan hautesle kontserbadoreenen artean. Apaiz baptista ohia izanik, sostengu handia du fededun asko dauden estatuetan, Arkansas eta Oklahoma kasu.

AEBetako 24 estatutan ez ezik, Samoa Amerikarrean ere bozak egingo dituzte gaur. Orotara hiru ordezkari dituzte Estatu Batuen menpeko lurralde horretan. Bestalde, gaurtik aurrera, Internet bidez bozkatzeko aukera izango dute atzerrian bizi diren estatubatuar demokratek. Horrek erraztu egingo du bozketa, izan ere, orain arte postaz egiten zuten, eta boto asko baliogabetzat jotzen zituzten berandu heltzen zirelako. Oraingoz, soilik Alderdi Demokratak erabiliko du bozkatzeko sistema elektronikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.