Bertze behin, azken urteetan bat baino gehiago izan baitira, Mendebaldeko herrialdeek islama kritikatu edo iraintzeko nahita egindako adierazpen batek milioika fededunen sua piztu du. Eskuin muturrak egin ohi ditu halakoak, eta adierazpen askatasuna erabili ohi dute argudiotzat. Nazioarteko politikari ere eragiten diete sektore horien ekimenek.
Azken sua piztu duen filmaren sustatzaileetako bat dela erran dio Morris Sadek izeneko kristau kopto batek AP agentziari. Sadek Egipton jaio zen, baina AEBetan bizi da. Amerikako Biltzar Kopto Nazionalaren erakundeko burua da. «Egipton sortutako indarkeriak erakusten duena da benetan zein bortitzak diren erlijioa eta herritarrak», adierazi dio The Wall Street Journal-i. Adierazpen askatasuna hartu du egindakoa defendatzeko argudio gisa.
Hain zuzen, Terry Jones apaiz protestanteak iaz erabili zuen argudio bera Floridan koranak publikoki erretzeko. Jonesen ekintzek Afganistanen izan zuten oihartzuna, dozenaka lagun hil baitziren probokazioari erantzuteko protesta eta erasoetan.
Europan ere egin dira islamaren aurkako adierazpenak, erreakzio soka luzea ekarri dutenak. 2004an, bertze film batek eragin zuen polemika, Herbehereetan, Theo Van Gogh zinemagileak emakumearen egoera herrialde musulmanetan ardatz hartuta egindako film laburrak, hain zuzen. Filma telebistan bota eta hilabete batzuetara hil zuten Van Gogh, ustez muturreko islamista batek. Handik urtebetera, Danimarkako egunkari batek Mahoma profetaren inguruan argitaratutako karikaturek sorrarazi zuten amorrua. Lau hilabetetan, ehun lagun inguru hil ziren mundu zabalean izandako protestetan eta liskarretan. Aurten, Afganistango Bagram basean AEBetako soldaduek erretako koran aleek sortu zuten azken krisia. 40 lagun inguru hil ziren.
Milioika su piztu dituzten metxak
Azken urteetan Mendebaldeko herrialdeek islamaren aurka egin dituzten hainbat kritika eta irainek protesta mugimendu zabalak sortu dituzte, hildakoak eragin eta nazioarteko politika baldintzatu dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu