Ipar Irlandako Antrim herrian hartu dute atxilo militar ohia, eta Belfastera eraman dute. PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak egin du polizia operazioa. Hain zuzen, Bloody Sunday eguneko biktimek ikerketa irekitzeko eskatu zioten PSNIri iragan urtarrilean. Manifestazioko oldarraldian parte hartu zuten soldaduak atxilotzea nahi zuten.
2013an jada Ipar Irlandako Poliziak hasi zituen diligentziak, besteak beste, tiroketan parte hartu zuten soldadu ohiak hilketa delituarengatik atxilotzeko eta horri buruzko galdeketak egiteko.
Igande odoltsua
1972ko urtarrilaren 30ean, eskubide zibilen aldeko protesta batera deitu zuen NICRAk, Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Erakundeak, Derryn (Irlanda iparraldea). Nazionalisten aurka armada egiten ari zen epaiketarik gabeko espetxeratze sistematikoak salatzea zuten helburu, besteak beste. Protesta baketsua behar zuena, baina, egun odoltsua bilakatu zen; armadak hamahiru lagun hil zituen, tiroz. Handik gutxira hamalaugarren bat hil zen, protesta egunean soldaduek larri zauritu zutelako.
2010ean eskatu zien barkamena David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Bloody Sundayko biktimei. Gertatutakoa "ezin zurituzkoa" eta "bidegabea" izan zela onartu zuen orduan.