Egipto

Militarrak eta musulmanak, akordio baten premian

Junta Militarra eta Anaia Musulmanak boterea banatzeko irtenbide politiko bat hitzartzen ari direla esan dute bi aldeekGaur emango ditu Bozen Batzordeak presidentetzarako hauteskundeen emaitzak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Hosni Mubarak zigortzea, legebiltzarra sortzea, konstituzioa aldatzeko prozesua abiatzea eta presidentea aukeratzea izan dira Egiptoko prozesua demokratikotzat jotzeko hitzetik hortzera eman diren argudioak. Sinesgarritasun eza matxinadak hasi zirenetik egon da, ordea, eta zer esanik ez, azken astebeteko militarren amarruetan: konstituzioa militarrei pribilegio gehiago emateko moduan aldatu dute —Defentsa eta Atzerri ministerioak presidentearen aginpideen zerrendatik atera dituzte—; legebiltzarra desegin dute Anaia Musulmanek independenteen zerrendak errespetatu ez, eta konstituzioa urratu dutelakoan. Eta Mubarakekin gobernatu zutenak presidentetzara aurkezteko Junta Militarrak jarritako debekua pikutara bidali du Auzitegi Konstituzionalak, etaAhmed Xafiki gobernua eskuratzeko bidea irekita utzi dio.

Behin-behinean gobernatzeko promesa egin zutenek boterean betikotzeko neurriak hartuta desitxuratu egin dute hauteskunde prozesua.Handik kanpo geratu dira mugimendu eta norbanako laikoak, zilegitasuna zalantzan jartzeagatik, eta geratu direnek, Mohamed Mursi Anaia Musulmanen ordezkariak eta Ahmed Xafik Mubaraken aldean gobernuan aritutakoak, irabazletzat jo dute biek euren burua. Nork irabazi jakin bitartean, eta Junta Militarra jaun eta jabe egiteak sortu duen ezinegona baretzeko, irtenbidea negoziatzen ari dira, beti ere militarren eta Anaia Musulmanen iturriek jakinarazitakoa benetakoa bada, albisteen eta zurrumurruen arteko nahasmena izugarria baita.

Bozkalekuetako emaitzak gorabehera, balizko akordio politikoak Mursiri emango lioke presidentetza, baina horren truke, Junta Militarrak konstituzioan egindako aldaketak onartu beharko lituzke.

Astea gogorra izan dute Egipton, are gogorragoa, Mubaraken heriotza klinikoa dela eta ez dela, sortu den tentsioagatik. Baina egun handia iritsi da, edo ez. Hauteskunde Batzordeak gaurko iragarri ditu emaitzak: nork irabaziko duen esango du, edo ez. Iruzurra dela-eta hainbat barrutitan hauteskundeak errepikatzeko eta krisia luzatzeko arriskua ere badago. Junta Militarrak maniobrak akabatzeko beldurra da ziurtasun bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.