Militarrak etsaien kontura

NATOren barruko herri boteretsuek beharrezko baldintzak sortu dituzte teknologia militarrean izugarrizko dirutza etengabe inbertitzen jarraitzeko.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Armak egiteko etsaiak sortu behar dira; eta gerrak. Indarkeriaren emaitza nagusia indarkeria gehiago erabili beharra izaten dela esaten asmatu zuen Aldoux Husleyk bere mundu zoriontsuan (Brave New World, 1932): «Gerra modernoak eraginkortasun eta indiskriminazio handiena erabilita suntsitzen du, eta, ondorioz, gerra egiteko orduan konpondu beharrekoak baino injustizia gehiago eta larriagoak sortzen ditu. Gerrak ez dira gerrekin amaitzen, gehienetan bake injustu batekin bukatzen dira, mendekuaren beste gerra saihestezin bat sortuz».

Afganistanen gertatzen ari denak arrazoi ematen die Husleyren hitzei. Ikusi besterik ez dago munduko armada nagusiek NATOren barruan segurtasuna lortzearren inguruan pizten dituen auziak. Bazirudien Gerra Hotza amaitzearekin batera arma lasterketa amaituko zuela, baina inozoak eta idealistak bakarrik geratu ziren pentsatzen gastu militarra bake ekimenetarako erabiltzeko modua egingo zuela, nazioarteko elkarkidetzan, garapenerako.

Ez da horrela izan. Herririk boteretsuenek beharrezko baldintzak sortu dituzte armetan eta teknologia militarretan inbertitzen jarraitzeko. Azken urteetan, militarizazio orokorra gertatu da munduan, Irakeko basakeriaren ostean batez ere.

Ander Fogh Rasmussen NATOren idazkari nagusia izan da aliantzaren estrategia berria bideratzeko joeraren ideologoa. Erabaki politikoetan muturra sartzeko gaitasunak boterea eman dio; gaitasuna, erabaki militarrak eraginkorragoak izan daitezen. Adituen ustez, NATOk inoiz izan duen idazkari nagusirik onena da, garai berrien aurrean berrasmatzen asmatzen jakin duelako.

Krisi ekonomikoa dela-eta herri batean osasun partidak gutxitzen direnean, hezkuntzarenak edo erretiroenak, «zaila da» defentsarenak salbuespena izatea, baina «gehiegi ez mozteko» eskaera egina du Rasmussenek, «azken finean oparotasun ekonomikoa segurtasunaren menpe ere badagoelako». Europako Batasuneko arduradun militarrek, berriz, erabaki dute herrien arteko koordinazio militar hobearekin konpontzea aurrekontuak bere horretan atxikitzeko erabakia.

1990etik Aliantza asko hedatu da, bai kideen kopuruari begira, bai politikan duen eraginari begira. Alde horretatik, NATOren eta Europako Batasunaren harremana gero eta estuagoa da, eta horren adibide argia da Greziaren erreskate planerako erabilitako maileguen zenbateko handi bat joan dela inbertsio militarretan; alegia, gastu sozialera beharrean, bestelakoetara bideratu direla baliabideak; Greziak erosi dituen helikoptero, fragata, hegazkin eta urpekoetara, eta saltzaile nagusiak Frantzia eta Alemania izan dira. Greziak iazko barne produktu gordinaren %4 eskaini zion segurtasunari; proportzioan, Europako edozein herrik baino askoz gehiago. Krisi garaian ere bai. Baina Europako Batasunari eta NATOri komeni zaie, leku estrategikoan dagoelako, eta Turkia hortxe.

Hamarkada oparoa

2010ean gastua ez handitzeak, hala ere, ez du esan nahi bi sosei zukua ateratzen ari zaiela, ez horixe. Segurtasunean estatuen inbertsioak 2008an beste munduko errekor bat markatu zuen —gastu militarretarako propio onartutako aurrekontuetatik kanpoko partidak aintzat hartu gabe—: 1.5131.000 milioi dolar, SIPRI Stockholm International Peace Research Instituten arabera—4.194 milioi dolar baino gehiago egunean—.

2009rako AEBen aurrekontua II. Mundu Gerran gastatutakoa baino handiagoa izan da: 515.000 milioi dolarreko partida onartu zen guztira, eta 67.200 milioiko gehigarria Irakeko eta Afganistango iazko lehen sei hilabetekoa babesteko. Europako Batasuneko herriek 220.000 milioi dolar gastatu zituzten iaz.

Gaur egun, NATOko kide guztien gastua mundukoaren %70 baino gehiago da. Afganistanen 100.000 tropa gidatzen ditu; bere kideenak eta handik kanpokoenak ere bai, eta Irakeko gerran ere laguntzen ari da —Irakeko gerrak sortu zuen NATOren barruan inoiz izan duen krisirik handiena—. Horrez gainera, Kosovon dauzka indarrak jarrita, Mediterraneoan indarkeriaren aurkako deritzon frontean, eta pirateriaren aurkakoan, Afrikako adarrean. Gaur-gaurkoz, NATOren egiteko nagusia esku-hartze militarra da.

Akordio eta parte-hartzeen bidez, NATO oso talde eraginkorra bilakatu da munduan, eta mendebaldeko ekonomia eta jarduera militarra mantetzeak eragina du Hegoaldean ere. Alde horretatik, oso esanguratsua da herrialde pobreek eta garapen bidean daudenek hartu duten norabidea. Argigarria da oso Luiz Inacio da Silvak Lulak aurten esandakoa: «Ezin dugu onartu herri batzuk leporaino armatuak egotea, eta beste batzuk desarmaturik». AEBek Kolonbian base berriak ezarriz hasi duen ibilbidea Latinoamerika armatzeko ere aitzakia egokia izan da; Venezuela, Ekuador, Peru, Bolivia eta Brasil, aipagarrienak. Eta, zer esanik ez, garapen bidean dauden Brasilez gain beste bi handienak: Txina eta India. 1999tik 2008ra %194 handitu du Txinak gastu militarra, eta Indiak %145.

OCDE Ekonomia Lankidetza eta GarapenerakoErakundearen parte diren 30 estatuek 900.000 milioi dolar bideratu zituzten gastu militarretara iaz, eta 104.000 milioi bakarrik garapenerako laguntzetara, ia bederatzi aldiz gutxiago.

Milurtekoaren goi bileran hainbat erabaki hartu zituzten garapenean laguntzeko. Besteak beste, 2015erako pobrezia erdira jaistea aurreikusi zuten, eta neurri gehiago hezkuntza eta osasun arloan. Helburu horiek lortzeko 760.000 milioi dolar behar ziren, eta hori lortuko zen Nazio Batuen Erakundeko herrien barne produktu gordinaren %7akin. AEBek —kasu deigarriena delako—, BPGaren %1 eman zuen, eta gerra helburuetarako munduan erabiltzen denaren %40 baino gehiago du. Europako Batasunak eta AEBek armetan gastatzen duten diruarekin, milurteko helburuak aise beteta leudeke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.