Txile

Militarrak kalera, salbuespen neurrien beharrik gabe

Txileko presidenteak lege proiektu bat iragarri du, zeinak modua emango duen armada kalera ateratzeko konstituzioak aurreikusten duen salbuespen egoera ezarri beharrik gabe.

Polizia ur kanoiekin manifestariak sakabantzen. ALBERTO VALDES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 25a
11:31
Entzun

Segurtasun indarrei are askatasun gehiago emango liekeen lege proiektu bat iragarri du Sebastian Piñera Txileko presidenteak. Kongresuak eztabaidatu eta onartu behar du oraindik, baina, ezustekorik ezean, aurrera egingo du. Haren arabera, Gobernuak ez luke salbuespen egoera ezarri beharrik militarrak kalera ateratzeko, baldin eta "azpiegiturarik garrantzitsuenak" babesteko bada.

Piñeraren arabera, neurri horrek "karabineroen lan karga" murriztuko luke, eta haiek "herritarren segurtasuna eta bakea bermatzeko lanetan" jarraitu ahal izango lukete. Estatuburuak babestu beharreko azpiegitura gisa sailkatu ditu polizia etxeak ere. Horrez gain, zehaztu du datozen egunetan Espainiako eta Erresuma Batuko Polizia arduradunekin bilduko dela, "kontrol neurriak hobetu eta herritarrei babes hobea" eskaini ahal izateko.

Azken asteetan, Txileko Gobernuak kritika ugari jaso ditu manifestarien aurkako errepresioa dela eta. Amnesty International erakundeak, esaterako, salatu du Poliziak gehiegizko indarra erabili duela manifestarien aurka, eta horren ondorioz gutxienez 23 pertsona hil direla. Horrez gain, giza eskubideen aldeko erakundeak ohartarazi du milaka lagunek salatu dituztela tratu txarrak eta torturak ere. "Haien asmoa argia da: indarkeria erabiltzea manifestazioak amaitzeko. Horren aurkako neurriak hartu beharrean, Piñeraren gobernuak politika horiei eutsi die hilabete bat baino gehiagoan".

Gobernuak, ordea, ukatu egin ditu salaketok, eta asteburuan bertan iragarri du ugaritu egingo dituela kaleetan dauden poliziak eta soldaduak. Zehazki, 4.354 karabinero eta polizia gehiago jarriko dituzte, eta areagotu egingo dituzte haien eskumenak, burua estalita dutenen edota barrikadan jartzen ari direnen aurka egin ahal izan dezaten.

Identifikaziorik ez

Berez, segurtasun indarretako kideek identifikazio zenbakia eraman behar dute paparrean, haien aurkako salaketarik balego ere. Azken egunetan herritarrek sare sozialetan salatu dutenez, ordea, haietako askok ezizenak erabiltzen dituzte identifikazio zenbakien ordez.

Horri buruz galdetu diotenean, karabineroen buruak adierazi du soilik hiruk erabiltzen dituztela ezizenak, eta "mehatxuak jaso dituztelako" hartu dutela erabakia. "Heriotza mehatxua jaso zuten ofizial horrek, haren aitak eta haren familiak. Egia da, ez nator bat identifikazio txartelak ezkutatu izanarekin, baina ez dugu ikerketarik abiatuko horregatik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.