Niger

Militarrek «segurtasuna» erabili dute argudio gisa Nigerren kolpea emateko

Junta militarrak Nigerko alderdi politikoen jarduera guztiak eten ditu behin-behinean. Mohamed Bazoum presidentearekin hitz egin dute Macronek, Guterresek eta Borrellek, eta esan dute «ondo» dagoela.

Estatu kolpearen harira Niameyn izandako protesta bat, atzo. ISSA OUSSEINI / EFE
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 28a
13:00
Entzun

Amadou Abdraman Nigerko armadako koronelak asteazkeneko estatu kolpearen berri eman eta gutxira, Abdourahmane Tchiani jeneral eta Presidentetzaren Guardiako kideak bere burua izendatu du junta militarreko buru. Hamar urtez izan da Presidentetzaren Guardiako komandantea, baina asteon kendu behar zuten kargutik. «Armadako goi kargudunek askotan ohartarazi diete gobernuko kideei haien segurtasun neurriak eta kudeaketak ulergaitzak eta eraginik gabekoak izan direla. Azkenean, esku hartu behar izan dugu», esan du gaur, herrialdeko telebista publikoan egindako agerraldi batean. Gobernuaren kudeaketa ekonomiko «kaskarra» ere kritikatu du.

«Segurtasun egoeraren okertzea» argudiotzat hartuta eman zuten amaitutzat Mohamed Bazoumen agintaldia, asteazkenean, eta CNSP Aberria Babesteko Kontseilu Nazionala eratu zituzten. Gobernuburua atxilotu eta kargutik kendu zutenetik, bost neurri ezarri dituzte. Horietan azkena, hauxe: alderdi politikoen jarduera guztiak «behin-behinean» etetea. Halere, ezarri eta gutxira urratu dute neurrietako bat, mugarena.

Hain justu, Frantziako hegazkin militar batek lur hartu zuen atzo goizean Niameiko Driori Hamani aireportuan. CNSPk, ordea, ez du begi onez Ikusi Frantziaren esku hartzea, eta «neurriak zorrotz errespetatzea» exijitu du. Herenegun eman zuten abisu horixe bera, atzerriko esku hartzerik ez egiteko, alegia.

Frantziak adierazi du ez duela Tchianiren agintea aitortzen. Frantziako Estatuaren kolonia izandakoa da Niger, eta, oraindik ere, presentzia militar eta interes ekonomiko handiak ditu han. Egun, Frantziako 2.500 militar inguru daude Niger eta Txad artean, eta Niamein —Nigerko hiriburuan— dute egoitza nagusia. Muturreko islamisten kontra borrokatzea da horien egitekoa, eta horretan ari dira, hain justu, Sahel eskualdeko bi frontetan, Nigerko hego-mendebaldean eta hego-ekialdean. Bestalde, Frantziak Nigertik eskuratzen du zentral nuklearren erregai nagusia: uranioa. 1978 eta 2021 bitartean, adibidez, Frantziako Orano konpainiak 75.000 tona uranio baino gehiago ustiatu zituen Cominak enpresak kudeatzen duen meatzetik, Niger ipar-mendebaldean.

Bada, interes ekonomikoak eta militarrak tarteko, auzia gertutik aztertzen ari dira Parisen. Atzerri ministro Catherine Colonnak jakinarazi duenez, Bazoumekin hitz egin du gaur Frantziako presidente Emmanuel Macronek, eta hark ziurtatu du Nigerko gobernuburua ondo dagoela. Halere, eskatu dute Bazoum «aske» uzteko eta «ordena konstituzionala eta demokrazia» berrezartzeko. Nazioarteko beste zenbait erakundek ere gaitzetsi dute militarren estatu kolpea, hala nola AB Afrikako Batasunak, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta EB Europako Batasunak. Hain justu, Bazoumekin hitz egin dute NBEko idazkari Antonio Guterresek eta EBko goi mandatari Josep Borrellek. Biek eskatu dute gobernuburua «berehala» aske uzteko.

Barne gatazkak ez du etenik

Bazoumen agintaldia hasieratik egon da egonkortasuna lortzetik nahiko urrun. Hark bildu zuen boto gehien 2021eko bozen bigarren itzulian (%55,67), baina estatu-kolpe saiakera bat gelditu zuten inbestidura saiorako bi egun falta zirela. Babes gutxirekin ekin zion agintaldiari, bai gobernutik kanpo, bai gobernu barruan. Horiek hala, oraingoa Nigerko laugarren estatu kolpea litzateke, 1960an independentzia lortu zutenetik. Dena den, ez da inguruan halakoak jasan dituen herrialde bakarra: Afrika mendebaldean eta erdialdean zazpi estatu kolpe izan dira 2020tik hona.

Kolpeak hankaz gora jarri du Nigerko Gobernua, baina baita kaleak ere. Azken orduetan protestak egin dituzte hiriburuan, eta Bazoumen alderdiaren egoitza nagusian sartu dira manifestari batzuk. Lokala txikitu dute, eta su eman diete parean zeuden hainbat ibilgailuri. Eraso horien harira, Barne Ministerioak «lasai» egoteko eskatu die herritarrei, eta ondasun publiko eta pribatuak ez suntsitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.