Myanmarko Hauteskunde Batzordeak Demokraziarako Liga Nazionala sakabanatzeko agindua iragarri du. Otsailaren batean estatu kolpea eman zuten militarrek kontrolatzen dute batzordea.
Myanmarko prentsak zabaldu duenez, batzordearen buru Thein Soek azaroko «hauteskundeetan iruzur» egitea egotzi diote Aung San Suu Kyiren alderdiari. Alderdiko buruzagiei «traizioarengatik» jazar zaizkiela eskatu dute.
Bozetan erabat nagusitu zen alderdia, 2015. urtean bezala, eta nazioarteko begiraleek ontzat eman zituzten emaitzak. Aung San Suu Kyiren alderdiak botoen %80 baino gehiago eskuratu zituen.
Apirilaren amaieran, junta militarreko buru Min Aung Hlaingek zibilen aurkako «biolentzia eteteko» eta «alde guztiekin elkarrizketa eraikitzaileak» hasteko konpromisoa adierazi zuen.
Armadak otsailaren 1ean emaniko estatu kolpetik, junta militarraren aurkako protestak etengabeak izan dira herrialde osoan. Horietan, 745 lagun baino gehiago hil dituzte segurtasun indarrek, gehienak tiroz.
Maiatzaren hasieran Myanmarri armak «enbargatzeko» eskatu zioten gobernuz kanpoko 200 erakundek Nazio Batuen erakundeari.
«Ordua da Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bere boterea erabil dezan mundu mailako armen enbargoa inposatzeko, militarrek egindako hilketak amaiarazten saiatzeko». Adierazi zuten sinatzaileek, Amnesty International buru.
Otsailaren 24an egindako adierazpen batean egindako eskaria berritu zuten adierazpenarekin. Gobernuz kanpoko ehun erakundek baino gehiagok izenpetu zuten orduan, eta Segurtasun Kontseiluari eskatu zion junta militarrari armak saltzeari uzteko, haren esku zegoena egiteko. Hark, ordea, ez du kontsentsurik bere barruan Myanmarko auziaz. Indarkeria gaitzesten duten zenbait adierazpen publiko egin izan ditu, baina neurri gogorragorik ez du hartu oraingoz, NBEren parte diren zenbait gobernuren aurkakotasuna dela eta; besteak beste, Txinakoarena eta Errusiakoarena.
«Adierazpenetatik» harago joateko eskatu zioten GKEek: «Adierazpenak egiteko garaia pasatu da. Segurtasun Kontseiluak Myanmarren inguruko kontsentsua beste maila batera eraman beharko luke, eta premiazko eta funtsezko ekintzak adostu».