Kamal Ganzouri Egiptoko lehen ministro berriak botere gehiago izango du. Militarren Batzordeakpresidente postuari dagozkion ardurak Ganzouiren eskuetan utzi ditu, Armada eta Botere Judizialari dagozkionak salbu. Horrekin batera, gobernua osatuko duten ministroak izendatu ditu Ganzourik. Horietako bi aurreko lehen ministro Esam Sharafen gobernuko berak dira: Mohamed Amro Atzerri ministroa eta Adel Abdala Justizia ministroa. Barne ministroa Mohamed Ibrahim Jusef jenerala izango da, Hosni Mubarak presidente ohiaren gobernuko kidea. Ganzourik aukeratutako gobernuaren aurka protesta egiteko, Tahrir plazako manifestariek kanpamentua lekuz aldatu dute, eta Ministroen Kontseiluaren aurrean bildu dira.
Ahmed Mahed Apirilaren 6a mugimenduko buruaren esanetan, Ganzourik Egiptoko manifestariak engainatu ditu: «Gobernu berria eskatu dugu guk, ez Mubaraken jarraitzaile bat». Manifestariek ez dute Ganzourik agintzea nahi, Mubaraken aginte garaian, 1996 eta 1999 bitartean, lehen ministro izan zelako.
Bestalde, Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiaren arabera, Parlamentuko 36 aulki lortu dituzte hauteskundeako lehen itzulian, eta Hauteskundeen Batzorde Gorenak ofizialki argitaratu du Anaia Musulmanen garaipena. Hauteskundeek Tahrir plaza nabarmen hustu dute, Maheden hitzetan: «Bozek ahuldu egin dute Tahrirren indarra, baina amaitu bezain laster berriz indartuko gara».
AEBen armak Egiptora
AI Amnesty Internationalek salatu du AEB Amerikako Estatu Batuek armak bidali dizkiotela Egiptori, nahiz eta armadak manifestarien aurka bortizkeria erabili. AIren arabera, Combined Systems Inc enpresak «kezko munizioarekin» osatutako zazpi tona arma bidali zizkion Egiptoko Barne Ministerioari, urriaren 26an. Horrekin batera, AEBek negar eragiteko gasez beteriko beste hiru karga ere bidali dituzte AIren esanetan: «AEBek Egiptora armak bidaltzeari utzi behar diote bertako manifestariak hiltzen jarraitzen duten artean».
AEBek onartu dute hilgarriak ez diren armak bidali dituztela Egiptora, gobernuak bertako istiluei indarkeria erabili gabe aurre egiteko baliabideak izan ditzan. Dena den, AIk salatu du Egiptoko armadak hildako eta zauritu ugari eragin dituela AEBek bidalitako arma horiekin.
Militarren Batzordeak botereak eman dizkio Egiptoko lehen ministroari
Kamal Ganzouri lehen ministroak osatutako gobernuaren aurka protestatu dute Tahrir plazako manifestariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu