Afganistanen zabaldutako atzerriko indar militar nagusia da AEBetako armada, eta afganiar herritarrez osatutako milizia zibilak trebatzeko eta armaz hornitzeko plan bat bultzatuko duAEBek. Herrialdeko Barne ministroak horren berri eman zuen joan den aste amaieran, baina albistea atzo zabaldu zuten. Egitasmo horrek kritikak piztu ditu, Afganistango agintari batzuek iritzi baitiote herrian arma gehiago zabaltzea jokaera oso arriskutsua dela.
Herriaren Zainketarako Indarra izena hartuko lukeen milizia zibil horren lehendabiziko unitateak Kabul hiriburutik hego-mendebaldera kokatua den Wardakeko probintzian eratuko lirateke. Eskualde horretan gero eta nabariagoa da taliban gerrilla islamistaren jarduna, Afganistan hegoaldeko eta ekialdeko probintzietan lehenagotik den bezala.
Eskualdeetako herri agintari eta leinuburuek aukeratuko lituzkete milizia zibil horietako kideak, Iraken, matxino suniten aurkako borrokan, Bagdadeko gobernuak eta AEBetako armadak egin duten gisa berean. Alabaina, Iraken jokaera horrek arrakastarik lortu badu, Afganistanen egoera guztiz ezberdina dela nabarmendu dute plan horren kontra kritikak egin dituztenek. Hala, Wardak probintziako diputatu Hussain Famimik argudiatu du Afganistanen indarkeria hazten duen arrazoietatik bat dela armak alde orotan daudela eta eskuko dauzkatenek ez dutela entzun nahi ere horiek uztea; «zuek [planaren eragileek] nahi zenukete arma gehiago zabaldu?».
Wardakeko eskualde batzarreko beste kide batek -Mohammed Mukhlisek- ohartarazi du, aldiz: «Milizia hauetan lapurrak eta krimen egileak dira lehenik eta behin sartuko, herritar zintzo gutxik bizia arriskuan jarri nahi izango baitu, talibanen kontra borrokatzeko, ospe txarreko Gobernu baten defentsan». 1990eko hamarkadan ministro kargutan egon zen Hamidula Tarziren iritzian, berriz, Afganistan ez da Irak: «Hemen, leinuen arteko zatiketak handiagoak dira, eta milizia hauek bata bestearen kontra borrokan aritzeko arriskua handia da; oso litekeena da ere talibanak milizietan infiltratzea».
Egoera larriagotuz
NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek egonaldi laburra egin zuen atzo Afganistanen. Segurtasun arrazoiengatik, Banen bidaia hau isilpean gorde zen azken unera arte. Hamid Karzai presidentearekin batera, Kabulen eginiko prentsaurrekoan, NBEko arduradun gorenak adierazi du: «Afganistan, NBEko lehentasunetan izango da, 2009an; gaur, honaino etorrita, Afganistango herriari argi azaldu nahi izan diot nazioarteko komunitatearekin batera, ahaleginak oro egingo ditudala bakea eta egonkortasuna sendotzeko».
Anartean, egoera larriagotuz doala nabarmendu zuen herenegun NBEko Giza arazoetako idazkariorde John Holmesek. Indarkeria giroa etengabe hazteaz gainerat -NBEk dioenez, 2.000 zibil baino gehiago hil ziren iaz-, herrialdeko probintzia batzuek bi urteotan lehorte handia pairatu dute. Horiek hala, NBEk dei egin du 473 milioi euro biltzeko, Afganistani laguntzeko.
Milizia zibilak bultzatuko dituzte AEBek Afganistanen
Teknika bera erabili du Washingtonek Iraken matxinoen aurka; arriskua handiagoa dela ohartarazi dute kritikoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu