Ukrainako Gobernuko ordezkari batek baieztatu du botatako hegazkinak Ukrainarenak direla. Bien bitartean, Malaysiako hegazkinaren kutxa beltzak Ingalaterrara iritsi dira. Herrialdearen hego-ekialdean dagoen Farnborough hiriko aditu talde batek aztertuko ditu, David Cameron lehen ministroak atzo jakinarazi zuenez. Biktimen gorpuak, berriz, Herbehereetara heldu dira, bi hegazkinetan.
Ukrainako gatazka izan zuten atzo aztergai Europako Batasuneko Atzerri ministroen bileran. Errusiarentzako zigorrak prestatzea adostu zuten, harek pausorik egin ezean. Errumaniako presidente Traian Basescuk eskatu zion Bruselari Errusiaren aurkako zigorrak gogortzeko. "Zenbat eta denbora gehiago igaro, handiagoa izango da ordaindu beharreko prezioa".