Yemengo miliziano islamisten talde batek ekintza ikusgarri bat egin zuen atzo Rada hirian, hegoaldean. Bertako espetxeari eraso egin, eta preso andana askatu zuten; Txinako Xinhua agentziaren arabera, gutxienez 250 preso libratu dituzte; bertze iturri batzuek ehunka direla aipatu dute. Gutxienez bi polizia hil zituzten oldarraldian. Rada bezperan kontrolpean hartu zuten Ansar al-Xaria (Lege Islamikoaren Armada) taldeko milizianoek, eta «emirerri islamiko» baten sorrera aldarrikatu dute. Espetxeko ekintzaz gain, Segurtasun Zentralaren egoitzari ere eraso zioten, eta hango armategia bereganatu. Gobernuaren arabera Ansar al-Xaria Al-Qaedarekin lotuta dago. Iragan maiatzean ere miliziano islamistek Zinjibar hiria hartu zuten kontrolpean, eta hiru hilabeteren buruan berreskuratu zuen gobernuak, borroka odoltsuen ondotik. Han ere emirerri islamikoaren sorrera aldarrikatu zuten.
«Al-Qaedako ehunka gizon bizardun segurtasun indarren uniformeak jantzita kamionetetan ailegatu, eta Radako espetxean sartu dira. Hainbat soldadu hil, eta 250 preso askatu dituzte», adierazi dio Al-Baida probintziako segurtasun arduradun batek Xinhuari. Iturri horren arabera, milizianoek armadaren kontrol postu guztiak hartu dituzte, posta zerbitzuaren bulegoa, telekomunikazioen postua eta bertze egoitza ofizialak. Eraso horietan gutxienez lau soldadu hil dituzte, baina Al-Baidako probintziako iturrien arabera, litekeena da soldadu gehiago eta milizianoak ere hil izana. Herenegun 400 bat ekintzailek hartu zuten hiria, baina estatuko indarren arduradunen arabera, bertze zazpi probintziatatik miliziano gehiago abiatu ziren atzo Radara.
«Alaren legea betearaztea»
Hiria hartzean, bozgorailuetatik biztanleei lasai egoteko eskatu zieten milizianoek, eta hitzeman haien aurka ez dutela eginen, lekukoek berri agentziei azaldutakoaren arabera. Beren helburua «Alaren legea betearaztea» dela azaldu zuten. Hala ere, egoerak txarrera eginen duen beldur dira herritarrak, piloturik gabeko hegazkinak ikusi baitituzte Radan, eta, Zinjibarren gertatu bezala, armadak hiria bonbardatuko duen beldur dira.
Rada hartu duten milizianoen burua Tarek al-Dahab dela dio gobernuak. Anwar al-Aulaki zenaren koinatua da Al-Dahab. Washingtonen arabera, Al-Qaedak Yemenen zuen burua zen Al-Aulaki, eta iragan irailean hil zuten piloturik gabeko hegazkin batekin egin bonbardaketan. Haren hilketa urtebete lehenago baimendu zuen Barack Obamak, AEBetan egindako eraso bat eta bertze ahalegin bat agintzea leporatuta. Al-Aulaki AEBetako herritarra zen, eta, hango hedabideen arabera, aurretik presidente batek inoiz ez zuen bertako herritar bat hiltzeko agindua eman.
AEBen eta Yemengo Gobernuaren arabera, Al-Qaedak kanpamentuak ditu Yemengo hegoaldean. Hain zuzen, miliziano islamisten eragina nabaria da herrialdearen eremu horretan. Ali Abdullah Saleren erregimenak botere zentrala ezartzeko izan duen zailtasunak milizia islamisten garapena erraztu du. Azken urteetan nabarmen egin dute goiti horien ekintzek, estatuko indarrak AEBek entrenatu dituzten arren, eta batzuetan zuzenean esku hartu du bonbardaketak eginez. Iragan maiatzean orain arteko erasoaldi ikusgarriena egin zuten islamistek, Abyan probintziako Zinjibar hiriburua eta bertze bi herri hartuz. Iragan irailean berreskuratu zuen armadak; 300dik goiti miliziano, 200dik goiti soldadu eta dozenaka zibil hil zituzten. Ehunka herritarrek ihes egin behar izan zuten hiritik.
Erregimenaren etsai ugariak
Islamisten erasoak duela urtebete Saleren aurka hasi zen herri matxinadarekin batera azkartu ziren. Errebolta izan da Saleri gehitu zaion azken frontea. Horren aitzinetik, islamistez gain, aurre egin behar izan die iparraldeko matxino zaiditei—xiiten adar bat; Yemenen %45 inguru dira xiitak, Sale bera barne—, eta hegoaldeko independentistei —1990. urtea arte Yemen bitan banatuta zegoen: iparralde kapitalista eta hegoalde sozialista—. Hadish tribu boteretsua eta armadaren sektore bat ere aurka ditu Salek. Golkoko herrialdeen bitartekaritza bidez, aste batzuk barru boterea uztekotan da.
Miliziano islamistek 200 preso baino gehiago askatu dituzte Yemenen
Ustez Al-Qaedari lotutako talde batek kontrolpean hartutako Rada hiriko espetxeari eraso dio, hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu