Muammar Gaddafi agintetik kanporatu, eta iazko urriaren 23an NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko buru Mustafa Abdul-Jalilek herrialdea aske zela aldarrikatu osteko lehen hauteskundeak egingo dituzte gaur Libian. Ian Martin NBE Nazio Batuen Erakundeak Libiara bidalitako misioaren buruak nabarmendu du 43 urte igaro eta gero egingo diren «lehen hauteskunde libreak» direla. Baina herrialdeko zati handi bat milizien kontrolpean dago oraindik, eta milaka herritar bahituta dituzte AI Amnesty International erakundearen esanetan. Miliziei aurre egiteko «gaitasunik eta borondaterik ez agertzea» leporatu dio AIk NTCri. Ondorioz, Gaddafiren aginteak iraundako lau hamarkadetan gertatu bezala, eskubide urraketak berriz errepikatzeko arriskua ikusten du.
Kontseilu Nazional Nagusia —legebiltzarra— osatuko duten 200 kideak hautatu beharko dituzte gaur herritarrek. Ondoren, Konstituzio berri bat idatziko duen Konstituzio Batzordea, aukeratuko dutela adierazi du NTCko bozeramaile Salem Darhubek. Data zehatzaren berri eman ez arren, bozak lau hilabete barru izango direla aurreratu du .
2.501 hautagai independente eta 142 alderditako beste 1.206 lehiatuko dira, horien artean 600dik gora dira emakumezkoak. Parlamentuan jokoan dauden aulkietatik 120 izango dira hautagai independenteentzat, eta gainerako 80ak alderdietako ordezkariei dagozkie.
NBEk adierazi du Libia demokraziara egiten ari den bidea zuzena dela, eta gaur egingo dituzten hauteskundeak babestu ditu. Ban Ki-moon erakundeko idazkari nagusiaren arabera, herritarrek lau hamarkadatan zehar «ukatua izan duten eskubideaz baliatzeko aukera» dute gaur. NBE «harro» dagoela adierazi du , «Libia independentearen jaiotza bultzatzen lagundu» izanagatik. Bestalde, «estatu erabat libre eta demokratikoa» lortzeko, Libiari laguntzeko konpromisoa berretsi du. Libiako misioaren buru Martinek, berriz, «hauteskunde baketsuak eta arrakastatsuak» izango direla aurreikusten du. Bozka emateko ia hiru milioi herritar daude erregistratuak.
Armatutako miliziak
Nazioartetik gaur egingo diren hauteskundeek Libia demokraziara gerturatuko dutela esaten den arren, Gaddafiren diktaduraren aurka altxatu ziren miliziek oraindik ez dituzte armak utzi eta ez dute euren tropen kontrola Libiako behin-behineko gobernuko agintarien esku uzteko asmorik agertu. Hauteskunde egunean zehar ere, agintariek ez dute baztertzen miliziek erasoak egitea. Hargatik, biderkatu egin dute segurtasun indarren presentzia.
Gaddafi agintetik bota zutenean, miliziak izan ziren ordena publikoa bermatzeko eta diktadura amaitu izanak utzitako hutsunea betetzeko gaitasuna izan zuten bakarrak, eta orduztik miliziek hainbat herri kontrolpean dituztela salatu du AIk, eta ez daudela indar horri muzin egiteko prest. Erakundeak egindako txosten baten arabera, Gaddafiren aldeko 4.000 lagun inguru legez kanpoko atxilo eremuetan bahituta dituzte horiek. Atxiloketa bidegabeek, tortura kasuek zein hilketek ez dute etenik AIren arabera. Bestalde, erakundeak salatu du, maiatzean onartutako lege batek egindako ekintza militarren eta zibilen aurrean immunitate judiziala onartzen diela miliziei.
Tauerga hiriko 30.000 biztanle ere beren etxeak uztera behartu dituztela dio erakundeak, eta gaur egun errefuxiatu modura sakabanatuta bizitzera behartuta daudela.
Sabotajea, aurretik
Testuinguru horretan hauteskundeak egitearekin ados ez dauden herritarrek manifestazioak eta protestak egin dituzte. Besteak beste, bi petrolio portu itxi zituzten herenegun. Gaur erabakiko diren Kontseilu Nazional Nagusiko 200 aulkien banaketa «orekatuagoa» eskatzeko ari dira protestan.
Libia leinuka antolatuta dago eta leinu horiek, hiru lurraldetan banatuta zeuden lehen. Tripolitania, Zirenaika eta Fezzan lurraldeetan, hain justu. Legebiltzarreko 200 aulkien erdia, Tripolitaniako eremuari dagokio. Gainerako 100 aulkietatik 60 dira Zirenaika eskualdeari dagozkionak eta geratzen diren 40ak, Fezzan eremuarenak. Libiako zenbait tribu eta herritar hauteskundeak halako baldintzetan egitearen aurka egin dute. Kexu dira Libiako hiru eskualdeek ordezkaritza bera eduki beharrean biztanleen araberakoa dutelako, eta horrek Tripolitaniarentzako onura dakarrelako. Joan den martxoan, hain justu, tokiko milaka ordezkarik aldarrikatu zuten hiru estatutan banatutako Libia federala.
Hauteskunde eguna indarkeria zantzuekin iritsi da Libiara. Hautestontziak zeramatzan helikoptero bati eraso egin zioten atzo Bengazi hegoaldeko Haouari eskualdetik pasatzen ari zela. Barruan zihoan Hauteskunde Batzordeko funtzionarioa hil egin zen. Bengaziko erietxeari ere tiroz eraso zioten, hildakorik izan ez zen arren.
Bestalde, legebiltzarraren banaketagatik protesta egiteko ostegunean, Libiako Ajdabiya hirian, bozetarako materiala gordeta zegoen biltegiari su eman zioten. Al-Abar Hauteskunde Batzordeko presidenteak, Libiako Barne Ministerioari egotzi dio errua, segurtasun ezagatik.
Milizien itzalpean egingo dituzte legebiltzarrerako bozak Libian
NBEk esan du 43 urtean lehen aldiz egingo dituztela «boz libreak, baina AIk dio handia dela milizien indarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu