Milo Djukanovic Montenegroko presidentearen DPS Alderdi Demokratiko Sozialistak irabazi ditu Montenegroko Parlamenturako hauteskundeak, baina ez du berretsi azken urteetako nagusitasuna, eta nabarmen boto gutxiago lortu ditu agintean den alderdiak.
Botoen %98,55 zenbatuta, DPSk horien %35,12 lortu ditu, 2016ko hauteskundeetan bildutako babesa baino sei puntu gutxiago, Montenegroko Hauteskunde Batzordeak gaur jakinarazi duenez. Gertutik jarraitzen dio, botoen %34,2 eskuratuta, Montenegroren Etorkizunaren Alde oposizioko koalizioak. Hirugarren eta laugarren postuan, berriz, Bakea da Gure Nazioa eta Beltza Zuriaren gainean geratu dira, botoen %12,55 eta %5,57 bilduta, hurrenez hurren; oposizioko alderdiak dira horiek ere.
Montenegroko Hauteskunde Batzordeak ez du jakinarazi zenbat eserleku emango dizkieten alderdiei, baina, CeMi gobernuz kanpoko erakundearen aurreikuspenen arabera —bozak gainbegiratu zituen—, oposizioko hiru alderdien aliantza batekin parlamentuko 81 eserlekuetatik 41 batu ditzakete, eta, horrela, egungo gobernua boteretik kendu; horien arteko negoziazioak, halere, konplexuak izan daitezke. DPSrentzat kolpe latza litzateke boterea galtzea, azken 30 urteetan agintean egon baita. Balkanetako herrialde horretan azken hamarkadetan izandako hauteskunderik lehiatuenak izan dira.
Lehen emaitzak jakin ostean, garaipena aldarrikatu zuen Montenegroren Etorkizunaren Alde oposizioko buru Zdravko Krivokapicek, eta adierazi “askatasuna” iritsi dela herrialdera. Oposizioko beste bi koalizioek ere "historikotzat" jo zituzten hauteskundeetan lortutako emaitzak.
Bozak koronabirusaren pandemiaren erdian egin baziren ere, parte hartzea ia %76 izan zen, aurreko hauteskundeetan baino handiagoa.