Serbia Europarraren aldeko koalizioak erronka handia du aurrerantzean Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi ondoren. CESID Hauteskunde Aske eta Demokratikoetarako zentroak eginiko aurreikuspenaren arabera- ostegunean da jakinaraztekoa behin betiko emaitza ofizialak Hauteskunde Batzordea-, botoen %39 inguru eskuratu ditu DS Alderdi Demokratikoaren inguruan eratutako koalizioak. Belgradeko parlamentuan 103 ordezkari lortuko lituzke horrela. Hala ere, Europaren aurkako alderdiek bat eginez gero, hau da, Tomislav Nikolicen SRS Alderdi Erradikalak, Vojislav Kostunicaren DSS Serbiako Alderdi Demokratikoak, eta SPS Serbiako Alderdi Sozialistak akordioa egiten badute, gehiengoa izango dira.
SPS Slobodan Milosevicen alderdi ohiak du, hein handi batean, Gobernuaren izaera erabakitzeko giltza. Batetik, Europaren aldeko gobernua osatzeko ezinbestekoak dira sozialistak. Alderdi Demokratikoak gutxiengo etnikoen sostengua lortuta ere, eta LDP Liberal Demokraten babesa eskuratuta ere, Gobernua osatu ahal izateko behar den gehiengoa ez luke izango. Bestetik, Serbia EB Europako Batasunean sartzearen aurkako gobernu nazionalista eratzeko ere erabakigarria da SPS. Igandeko hauteskunde aurreratuetan iazko urtarrileko bozetako emaitzak hobetu ditu SPS Serbiako Alderdi Sozialistak, eta Boris Tadic presidentearen Alderdi Demokratikoarekin batera bozen garaile nagusia da. Nori babesa eman erabakitzeko gogoeta egingo dutela dio Milosevicen alderdi ohiak. Serbia nazioartetik bakandu zutenek Europarako bidea lagun dezakete orain.
Nolanahi ere, bozen lehen emaitzak jakin bezain laster, Nikolicek dei egin die Kostunicaren alderdiari eta Serbiako Alderdi Sozialistari elkarrekin hiruko gobernua osatzeko, «ideologikoki oso gertu gaudelako». Bere hitzetan, «erabat posiblea da» Alderdi Demokratikoa gabe koalizio gobernua. Areago, bere hitzetan, hiru alderdiok ituna egiten ez badute, Serbia ez da Gobernua osatzeko gai izango, eta hauteskundeak izango dira berriz. Adituen ustez, negoziazio zailak izango dira Gobernua eratzeko, eta hiru hilabete inguru eman dezakete alderdiek eztabaidan. Konstituzioaren arabera, irailerako osatu beharko da Gobernua, osterantzean bozak deitu behar dira berriro.
Hauteskundeen biharamunean argi gelditu da, bederen, DS eta DSS-NS koalizio gobernua ez dela errepikatuko legealdi honetan. Alderdi Demokratikoarekin «gainditu ezineko ezberdintasunak» dituztela adierazi du Vojislav Kostunica DSSko buruzagiak, azken bi legealdietan lehen ministro izan denak. Kostunica eta Nikolic elkarrekin izan ziren atzo Gobernua osatzeari buruz eztabaidatzeko. Nikolic sozialistekin ere hurrengo orduetan da biltzekoa.
EUROPAKO BATASUNAREN ZORIONA. Alderdi Demokratikoak ere denborarik galdu gabe hasi nahi du Gobernua osatzeko negoziazioetan, elkarrizketak ostegunetik aurrera azkartuko diren arren, emaitza ofizialak jakitean. Tadicen hitzetan, «zalantzarik gabe» serbiarrek Europarako bidea berretsi dute bozetan: «Garaipen handia izan da, baina hau hasi besterik ez da egin Gobernua ahalik eta azkarren osatzeko». Elkarrizketetan gehiegi amore eman gabe agintaldi egonkorra ziurtatzea du xede Boris Tadicek.
EBk txalotu egin du Europaren aldeko zerrendaren garaipena. Oli Rehn EBko Hedapenerako komisarioarenhitzetan, Mendebaldeko Balkanen motorra izan daiteke Serbia. Esloveniako EBren behin-behineko presidentetzaren arabera, Europaren aldekoen garaipenak eta Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegia laguntzeakEuropako Batasunerako bidea azkartuko diote,Serbiari.
Udal bozetan ere Alderdi Demokratikoak irabazi du. Bestalde, UNMIK Nazio Batuen Erakundeko Kosovorako misioak salatu egin ditu Serbiak Kosovon eginiko udal bozak, eta ez dituela aitortuko dio.
Milosevicen alderdia zenak dauka Serbiako gobernu berriaren giltza
Europaren aldeko koalizioak irabazi ditu Legebiltzarreko bozak, baina nazionalistekin negoziatu beharko du orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu