Kolonbiako bake prozesua

Minak indargabetzea hitzartu dute Santosek eta FARCek

Akordioa "urrats garrantzitsua eta beharrezkoa" dela nabarmendu du Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak. NBEk ere txalotu egin du bi aldeek lortutako hitzarmena. 

FARCeko ordezkari Ivan Marquez lortutako akordioaren berri ematen. ALEJANDRO ERNESTO / EFE
arantxa elizegi egilegor
2015eko martxoaren 8a
13:03
Entzun

Ez dute zehaztu nondik hasiko diren, ez eta zenbat denbora iraungo duen ere, baina ezin uka akordioa urrats garrantzitsua dela bakea lortzeko bidean. Izan ere, gatazkak iraun duen urteetan milaka hildako eragin dituzten pertsonen aurkako minak kentzeak nabarmen murriztuko du biktima gehiago izateko arriskua. 

"Hau lehen urratsa besterik ez da, baina urrats handia da", nabarmendu du Humberto de la Callek, gobernuaren ordezkariak. Kolonbiako presidente Juan Manuel Santos bera ere gustura agertu da lortutakoarekin: "Beharrezkoa zen akordio hau. Honek erakusten du bide onean goazela, mende erdian baino gahiagoan herrialdea odolustu duen gatazka amaitzeko".

NBEk ere txalotu egin du lortutako hitzarmena, ohar baten bidez. "Erabakiak nabarmen hobetuko ditu dozenaka mila kolonbiarren bizi-baldintzak, batez ere gatazkan dauden eremuetan bizi direnenak". Erakundeak gogorarazi du Kolonbia dela munduan mina gehien duen herrialdeetako bat. "1990. urtetik 2.200 hildako eta 8.800 zauritutik gora eragin dituzte".

Akordioaren arabera, pertsonen aurkako minak ez ezik, inprobisatutako lehergailuak, lehertu gabeko munizioak eta gerrako lehergailuak ere indargabetuko dituzte. Horretan bitartekari lana egingo du Norvegiako Herri Laguntza erakundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.