Okupazioak eta gerrak banatu zituen aurrenekoz sahararrak, eta gaur egun mugek eta hesiek banatzen dituzte. Elkar ikusi ezin duten sendiak ugari dira, eta horrek areagotu egiten du urteotako oinazea. Mendebaldeko Saharako lur emankorra eta antzua zatitzen du harresiak ipar-ekialdetik hego-mendebaldera. Mauritaniaren eskuetan geratu ziren hasiera batean orain lurralde liberatuak direnak; Fronte Polisarioak gerran berreskuratu zituen horiek. Eta Marokok, hain zuzen ere, horregatik zutitu zuen lotsaizunaren harresia: Fronte Polisarioaren erasoak gero eta maizagoak eta irmoagoak zirelako; gerra bete-betean zen. 1979. urtean, gerra abiatu eta lau urtera, inoiz baino sendoagoa zen Polisarioa -Mauritania urte horretan erretiratu zen-; 1978ko azaroa eta 1979 urria bitartean 20.140 soldadu marokoar hil edo zauritu zituen Polisarioak. Epe horretan beste 739 soldadu hartu zituen preso, eta 1.650 auto, zazpi helikoptero eta sei hegazkin kendu zizkion armadari.
Marokok hamar hilabete geroago ekin zion harresia eraikitzeari; Fronte Polisarioak Mendebaldeko Saharako hiru laurdenak kontrolpean zituen ordurako. Aaiun, Smara eta Bu Craa hiriek osatzen zuten triangelua bakartzea izan zen aurreneko xedea. Hiri nagusiak eta populatuenak ziren horiek; baita aberatsenak ere. Ondoren beste bost murru eraiki zituzten. 1987. urtean amaitu zuten harresia.
Munduko harresi luzeena
Orotara 2.720 kilometro luze da. Eta luzea izateaz gain, zabala ere bada, inguruan minak, lubakiak eta alanbreak daudela aintzat hartuta. Harresiaren alde bietan milioi bat mina daude; Ameriketako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Frantzian, Belgikan, Italian, Espainian eta Portugalen eginak. Ondoren lubakiak eta alanbre ziztadunak -20.000 kilometro alanbre-, eta, azkenik, hondarrezko eta harrizko murruak; metro bat eta hiru metro arteko garaiera duten murruak. Bost kilometrotik behin kontrol militar bat dago eta hamabostetik behin radarrak. Bunkerrak ere badaude. Eta Marokoko armadako 120.000 eta 160.000 soldadu artean ikuskatzen dute eremua gau eta egun.
Marokok Ameriketako Estatu Batuen babes militarra, politikoa eta ekonomikoa jaso zuen harresia zutitzeko. Herrialde pobrea izaki dirutza behar izan baitzuen azpiegitura hori eraikitzeko, eta, gaur egun ere, aurrekontu militarraren zati handi bat harresia sendotzera eta mantentzera bideratzen du, herritarren batez besteko per capita errenta 2.580 dolarrekoa denean.
Mendebaldeko Saharako aberastasunak, baina, kontrolpean izatea baimentzen dio hesiak trukean. Marokok okupatutako lurretan, izan ere, egurats zabalean dagoen munduko fosfato meatze handienak daude -Bu Craan-. Eta itsasoa ere bai. Ozeano Atlantikora zabalik dago eta arrantzurako paradisua da itsasbazter hori -Europako Batasunak Marokorekin akordioak ditu eginak estatu kideek bertan arrantzan egin dezaten-. Petrolioa eta gasa ere omen daude lur azpian. Fronte Polisarioaren eskuetan egun dagoen lur idorrean, berriz, basamortua baino ez dago -Mendebaldeko Saharako heren bat da liberatutako lurraldea-.
Aldeek 1991n su-etena sinatu bazuten ere, harresiaren inguruan maniobrak egiten jarraitzen du Marokok. Fronte Polisarioak salatu berri du murrua sendotzeko neurriak ere hartu dituztela eta horrek su-etena haustea esan nahi duela. Mohamed Abdelaziz SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearen hitzetan, harresia botatzeko unea da «gizateriaren kontrako krimena» delako eta «segurtasunerako eta bakerako mehatxua» delako.
Kanpalekuetan bizi diren sahararrak urtero joaten dira lurralde liberatuetara hesiaren kontra protestatzera. Egunsentian abiatzen dira, kamioien atoietan eserita, eskuetan banderak dituztela. Bost orduko bidaia egin behar dute, basamortuan zehar, gero elkarri eskutik heldu eta pertsonaz osatutako beste harresi bat irudikatzeko, benetakoaren kilometro batzuetara. Uarda Anut (20) amarekin batera joan da harresira. Ama Sidaqmek minekin kontuz ibiltzeko ohartarazi dio alabari. «Sahara gurea da». Anutek etengabe oihukatzen du lelo hori.
Hegaldiak bertan behera
Mohammed Daddach (53) giza eskubideen ekintzaile sahararra ere aurtengo ekitaldian izan da. Tindufen izan berri diren beste 11 ekintzaileekin batera joan da lurralde liberatuetara. Daddach 24 urtez egon zen preso, eta askatu eta urtebetera ikusi ahal izan zuen ama Norvegian. Dakhlako kanpalekuan ikusi du bigarrenez: «Askatu eta urtebetera ikusi nuen ama; 27 urtez egon ginen elkar ikusi gabe. Dakhlan bizi da».
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak 2004an ezarri zuen kanpalekuetako eta lurralde okupatuetan bizi diren sahararrak elkar ikusi ahal izateko programa. Ekimen hari esker, zazpi urteotan 10.500 senidek ikusi ahal izan dute elkar, baina orain etenda dago programa, eta beste 31.000 lagun daude itxaroten. Mhamed Jadad programaren ordezkari sahararrak azaldu duenez, iragan urtarriletik blokeatuta daude bidaiak: «Trabak jarri ditu Marokok». Mauritaniara pasatu eta lurralde liberatuetatik ere joaten dira sahararrak Tindufera.Basamortua zeharkatuz.
Mohammed Lamin.Aaiun uilajako gobernadorea
Fronte Polisarioa garaitzen ari zen gerrari aurre egiteko harresia eraiki behar izan zuen Marokok; horixe uste du gerra garaian gerrillari sahararren logistika arduradun izan zenak.
«Armada gerra galtzen ari zela ikustean ekin zion hesia eraikitzeari Marokok»
K. Berasain. TindufTindufeko Aaiungo uilajako gobernadorea da gaur egun, baina ibilbide luzea eta oparoa du erresistentzian, gerran eta politikagintzan Mohammed Laminek (Smara, 1954). Fronte Polisarioko logistika arduraduna izan zen gerra garaian, hala nola 5. eta 7. eskualde militarretako burua. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Barne ministroa izan zen gerora. Marokoren kontra erabili zuten estrategiaz eta gerra garaian hesiak izan zituen ondorioez mintzatu da.
Fronte Polisarioak apenas zuen bitarteko militarrik gerra abiatu zenean. Nola iraun zenuten hamasei urtez gerran?
Ez naizela egia kontatzen ari pentsa daiteke errealitatea kontatzen badut; bitarteko guztiak falta zituztela aintzat hartuta, sinestezina da sahararrek izan zuten borrokarako gaitasuna. Agerian gelditu zen gerran kemena eta adorea direla gauza garrantzitsuenak, ez armak. Marokok mota guztietako bitartekoak zituen, baina guk adorea genuen, eta horrek armen falta ordezkatzen zuen. Marokori armak kentzen genizkion erasoetan; balak, pistolak, fusilak, tankeak, kamioiak. Soldaduak ere bahitzen genituen.
Noren babesa izan zenuten?
Aljeriak eta Libiak material militarra eman ziguten, baina gehiena guk eskuratutakoa zen. Gerra Hotzaren biktima izan ginen. Marokok Frantzia eta Ameriketako Estatu Batuak zituen aliatu eta guk Aljeria eta Libia. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren aliatu ziren hauek eta hori baliatu zuen Marokok; independentzia eskuratzeko asmoz, komunistekin bat egingo genuen, eta herrialde horiek atlantikoarekin muga izango zuten ideia zabaldu zuen. Marokok kosta ahala kosta saihestu nahi zuen hori, eta horregatik zatitu zuen Mendebaldeko Sahara; Marokorentzat iparraldea eta hegoaldea Mauritaniarentzat. Kontua da komunistek ere ez zigutela babesa eman.
Aurrera egin zenuten, hala ere.
Gure kausagatik hiltzeko prest egoteak lagundu zigun armada garaitzen, bitarteko eskasak bagenituen ere. Armada gerra galtzen ari zela ikustean ekin zion hesia eraikitzeari Marokok. Frantziaren eta Israelen babesa izan zuten harresia eraikitzeko eta horrek gure ordura arteko estrategiari eragin zion. Talde txiki, arin eta azkarrekin egiten genituen erasoak, gauetan askotan, baina harresiak zaildu egiten zuen hori. Basamortua ondo ezagutzen genuen eta eremua aztertu ostean zehazten genituen erasoen lekua eta unea. Harresia eraikitzen hasi aurretik gure garaipena eztabaidaezina zen. 1979. urtean mugarri bat ezarri genuen eta handik urtebetera ekin zioten hesia zutitzeari. Hesiaren aurreneko urte horiek oso kritikoak izan ziren bi aldeentzat. Gure erasoak saihestea zen hesiaren helburua, eta orduan harresia nolakoa zen aztertzeari ekin behar izan genion. Minak kentzen, alanbreak mozten eta harresia nondik eta nola zeharkatzen ikasi genuen. Trebatu egin ginen horretan. Benetan sinestezina da dena gure kontra izanda erenola iraun genuen. Harresiak ordura arte egin genituen erasoen intentsitatea apaldu zuen, baina behin ondo aztertuta ofentsibak aurrera jarraitu zuen.
Basamortuaren ezagutza erabakigarria izan zen orduan...
Bai. Ura non aurkitu badakigu. Eta argirik gabe orientatzen ere bai; GPSrik ez genuen behar gerran, izarrak begiratzea aski genuen orientatzeko. Marokoren bonbardaketak saihesten genituen iluntasunean. Harearen azpian babeslekuak ere eraikitzen genituen. Marokoko 4.000 soldadu baino gehiago antzeman genituen. Honezkero denak askatu ditugu. Marokok, berriz, 66 baino dizkigu entregatu. Honek ere agerian uzten du nolako jokaera duten marokoarrek eta nolakoa sahararrek. Guk inoiz ez genuen zibilen kontrako erasorik egin; armadaren kontra borrokatu ginen beti. Herri bakezalea gara gu. Fronte Polisarioak gerra preso guztiak askatu ditu, baina ezin daiteke gauza bera esan Marokoz. Eta guk beraiek baino soldadu gehiago hil eta bahitu genituen.
Saharar asko desagertuta dago ere.
Bai. Helikopteroetatik bota zuten jende asko. Lekukoak daude. Horrek, baina, ez du ziurtatzen denak hilik daudenik, eta, senideentzat hori da gogorrena, ezjakintasun hori. Samina egunero dago presente senideren bat desagertuta dutenen artean eta hemeretzi urte pasa dira su-etena sinatu genuenetik. Urte asko dira oinaze horrekin. Bizitza oso bat askorentzat.
Kanpalekuetan errefuxiatuta bizi ziren sahararren babesa ere garrantzitsua izan zen gerra garaian, ezta?
Herri osoak hartu zuen parte gerran, batzuk frontean eta besteak atzeragoardian; denak aritu ginen erresistentzian. Kanpalekuetan lubakiak eraiki genituen, balizko bonbardaketen aurrean babestu ahal izateko. Hassan II.a Marokoko erregeak gure estrategiari aurre egiteko ezintasunaren aurrean, kanpalekuak bonbardatzeko mehatxua egin zuen eta orduan lubaki sare bat eraiki genuen; emakumeek eraiki zituzten, gizonak frontean geunden eta. Zuloa zabala zen behealdean, bertan egoteko modukoa; goialdean, berriz, estua. Harri batekin tapatzen zuten eta emakumeek seme-alabekin bertan gerizatzeko aukera zuten. Bonbardaketak izatekotan lubaki guztietara ura eramateko modua ere aurreikusi genuen. Planoak zeuden. Kanpalekuen artean distantzia handiak egotearen arrazoia ere hori da.
Lurralde okupatuetan eta liberatuetan bizi diren sahararrek bereizten ditu hesiak gaur egun. Zer esan nahi du horrek?
Gure herria zatitzen duen lotsaizunaren harresi horrek samina baino ez du eragin, baina egunen batean zeharkatu egingo dugu eta gure etxeetara itzuliko gara, gure lurraldera itzuliko gara.