Miren Azkarate:"Ez dut uste ETAri atentatua egozteagatik barkamena eskatzea zegokionik Ibarretxeri"

arantxa elizegi egilegor
2014ko martxoaren 9a
11:43
Entzun

Badira hamar urte martxoaren 11ko atentatuak gertatu zirela. Nola gogoratzen dituzu lehen ordu haiek?

Ni orduan bozeramaile nahiko izendatu berria nintzen. Beraz, berriaz jabetu nintzenean, mundua gainera etorri zitzaidan. Batez ere gogoratzen dut goiz hura, eguerdi partera arte ez genuelako argi ikusten islamismoaren inguruko terrorismoa izan ote zitekeen. Gero gauza asko esan diren arren, goizean lehen orduan denok uste genuen ETA izan zitekeela. Gero, berriz, gertakaria oso larria izanda ere, nolabaiteko lasaitua hartu genuen, jomugan ez geundelako ez euskaldunak ezta gobernua ere.

Esan duzu lehen albistea komunikabideen bitartez jaso zenuela, baina Espainiako Barne Ministerioaren deirik ere izango zenuten, ezta?

Bai, bai, jakina. Ajuria Enean jaso zuten, eta bai lehen informazio hartan eta bai Aznar presidenteak eta Acebes Barne ministroak gerora emandako datuetan ere ETA egiten zuten erantzule, eta Ibarretxe lehendakariak jaso zuen informazioa horixe izan zen.

Gerora askok leporatu izan diote Ibarretxeri ETAren egiletza aipatu izana, oraindik ezer argi ez zegoenean.

Halakoetan jendeak espero izaten du agintariek lehenbailehen azalpenak ematea. Ibarretxe lehendakaria 09:30ak aldera irten zen lehen adierazpenak egitera. Momentu hartan nik ez dut uste inork bestelako usterik zuenik. Arratsaldean sortu ziren susmo horiek, furgoneta aurkitu zutenean eta Koraneko zatiak aurkitu zituztela zabaldu zenean. Atentatuaren nolakotasunak argitzen joan zirenean ere zalantzak handitzen joan ziren, erasoek azpiegitura handia eskatzen zutelako. Baina lehen momentu hartan guztiok gogoan genuen 2003ko Gabonetan, hiru hilabete lehenago, bonbak jarri zituela ETAk tren batean, Madrilen, Chamartinen lehertu zitezen. Zorionez ez zen ezer gertatu.

Ezker Abertzaleak egun horretan bertan esan zuen ez zela ETA izan.

Arnaldo Otegik eguerdi aldera egin zituen adierazpenak. Ordurako hasiak ginen zerbait entzuten furgonetari buruz. Gogoan dut Ajuria Enean bertan Balza harrituta zegoela, ETAk ez zituelako inoiz hainbeste bonba jarri, eta horrek azpiegitura handia eskatzen zuela. Gu arratsaldean hasi ginen gauzak argiago ikusten. Hurrengo egunean bai Ibarretxek baita neronek ere azalpenak eskatu genizkion Espainiako Gobernuari. Gero jakin dugu hark ere zenbaterainoko presioa egin zuen, esaterako, enbaxadetan nazioarteak ETAren hipotesia sostenga zezan, ordurako hemen eta Europan inor gutxik sinesten zuenean haren egiletzan.

Baina Ibarretxek ez zuen barkamenik eskatu.

Lehendakari bati badagokio barkamena eskatzea, eskatu behar denean. Baina ez ETAri, eta are gutxiago horrelako egoera batean. Batez ere, arratsalde horretan bertan atera nintzenean, eta hurrengo egunean goizean bigarren prentsaurrekoa eman genuenean beste bide bat markatuz eta Espainiako Gobernuari leporatuz ez zela egia esaten ari. Nik uste dut hori badela nahikoa. Ikusirik Gabon gauean bonba jartzen, 500 kilo lehergai harrapatu dizkiotelarik Cuenca inguruan eta jakinik beste garai batzuetan nolakoak egin dituen, ez dut uste ETAri atentatua egozteagatik barkamena eskatzea zegokionik Ibarretxeri.

Euskal Herrian ere izan zituen bestelako ondorioak Berruetaren hilketarekin eta Sanchizen heriotzarekin.

Horiek oso momentu gogorrak izan ziren, beti zabiltzalako esperoan eta desioan giroa baretuko dela eta poliki-poliki bakea etorriko dela, eta bestelako gertakariak ikusten dituzu, gizarteari gogor eragiten diotenak.

Sanchizen kasuan, Ertzaintzari leporatu zioten laguntza ukatu izana.

Nik beti nabarmendu nuen Ertzaintzaren jokabidea egokia izan zela eta, guri kontatu zigutenaren arabera, ez zela okerrik edo arduragabekeriarik gertatu.

Bestetik, azpimarratzekoa izan zen zenbateraino jokatu zuen zeken Espainiako Gobernuak martxoaren 11ko biktimekin, zenbat sufritu zuten haren jarrerarekin, eta sufritzen jarraitzen duten, kontuan izanda PPko gobernu hark ETAren biktimei zenbaterainoko ustezko babesa eman nahi zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.