Mississipi ibaiaren gainetik Minneapolis eta Saint Paul hiriak (Minnesota, AEB) batzen dituen zubia goitik behera erori zen atzo arratsean (bart goizaldea Euskal Herrian), eta, istripuaren ondorioz gutxienez lau lagun hil dira. Izan ere, jendea lanetik irten eta etxeetara itzultzen den sasoian amildu zen zubia, eta, ondorioz, ibilgailuz beteta zegoen. 50 bat auto eta kamioi erori dira ibaira. Hasiera batean, hildakoak zazpi zirela zabaldu da, baina ofizialki lauko kopurua eman dute agintariek.
Hala ere, ohartarazi dute litekeena dela gehiago izatea. Izan ere, zaurituetako zenbait hil edo biziko egoeran daude, eta desagertuta dagoen jendea ere bada. Inor bizirik aurkitzea ia ezinezkoa dela agertu dute agintariek.
Minneapolis eta Saint Paul batzen dituen zubia 1967an eraiki zuten, eta agintariek agertu dutenez, iaz aztertu zuten azkeneko aldiz. Egituran ez zutela inolako akatsik atzeman ziurtatu dute.
Minneapolis eta Saint Paul hiriak AEBetako Minnesota estatuko hiri nagusiak dira. Mississipi ibaiak banatzen ditu hirigune biak, eta bien artean hiru milioi biztanle inguru batzen dituzte.
AEB
Mississipi gaineko zubi bat erori da Minneapolisen, eta gutxienez lau lagun hil dira
Hasiera batean, zenduak zazpi direla zabaldu da. Hala ere, agintarien arabera, litekeena da hildako gehiago izatea. Zubiarekin batera 50 bat ibilgailu erori dira ibaira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu