Hondamendia Japonian

Miyako hirian olatu erraldoia 37,9 metrokoa izan zen

Lurrikarak eta tsunamiak hildakoak 12.157 dira oraingoz, eta desagertutakoak, 15.496. Tokyo Electric Power konpainiak jakinarazi du 11.500 tona ur erradioaktibo botako duela Itsaso Barera bihartik aurrera.

2011ko apirilaren 4a
16:49
Entzun

Tokioko Lurrikaren Ikerketa Institutuak egin duen azterketa baten arabera, martxoaren 11ko lurrikararen ondorengo tsunamiak Japonian inoiz neurtu den olaturik handienaren parekoa izan zen Miyako hirian, Iwate eskualdean. Ikerketa horren arabera, 37,9 metro izan zuen olatu erraldoiak.

Japonian inoiz neurtu den olatu handiena 38,2 metrokoa izan zen: 1896. urtean izan zen, Iwaten bertan, Ofunato hirian. Azterketa Yoshinobu Tsuji irakasleak egin du, eta esan du litekeena dela Miyakokoa handiagoa izatea 1896ko olatua baino; izan ere, txostenean zehaztu dutenez, kostaldetik 200 metrora aurkitu dute 37,9 metrora iritsi zela frogatzen duen marka.

Azken zenbaketaren arabera, martxoaren 11ko lurrikarak eta ondorengo tsunamiak eragindako hildakoak 12.157 dira, eta desagertutakoak, 15.496. Orain, 160.000 pertsona daude etxetik kanpo, propio eraikitako 2.100 aterpetan. Hildako gehienak (7.431) Miyagikoak dira, eta, gainera, 6.300 pertsona daude desagertuta.

Atzo, gorpuak jasotzeko operazioan, Japoniako eta AEBetako 25.000 soldaduk parte hartu zuten. Hiru eguneko operazioa izan da, eta hainbat itsasontzik eta helikopterok parte hartu dute. Ez dira aritu, ordea, Fukushimako zentral nuklearraren inguruetan, 20 kilometroko segurtasun eremua baitago.

Fukushimako erreaktoreetan tinta isuri dute gaur, ur erradioaktiboak ihes nondik egiten duen jakin ahal izateko. Tokyo Electric Power konpainiak, gainera, jakinarazi du 11.500 tona ur erradioaktibo botako dituela Itsaso Barera bihar hasita. Ur horren erradiazio maila legezkoa baino ehun bider handiagoa den arren, maila txikia dela esan du konpainiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.