ZIMBABWE

Mnangagwa da Zimbabweko behin behineko presidentea

Gaur sinatu du kargua, eta Robert Mugabe ordezkatuko du herrialdearen agintaritzan, hark dimisioa aurkeztu ostean. Zimbabweko militarrek herrialdearen kontrola hartu zuten joan den asteartean eta kargua uztera behartu zuten Mugabe.

Emmerson Mnangagwa Zimbabweko behin behineko presidentea, herenegun, bere alderdikideei hizketan, ekitaldi politiko batean. KIM LUDBROOK, EFE
Berria
2017ko azaroaren 24a
12:16
Entzun

Emmerson Mnangagwa Zimbabweko presidenteorde zena, herrialdeko behin behineko presidente da orain, eta 1980 urteaz geroztik Zimbabweko presidente izan den Robert Mugabe ordezkatu du karguan.

Mnangagwak hitz eman du herrialdearen eta konstituzioaren "zerbitzura" jardungo duela. "Zimbabueko herriaren eskubideak babestu eta sustatuko ditut. Nire eginbeharrak indar osoz eta nire ahal onenekin beteko ditut".

Kargu hartzera hurbildu den jendeak txalo artean hartu du behin behineko presidente berria. Aldiz, bertaratutakoek txistu egin diete Mnangagwaren ondoren zin egin duten segurtasun indarretako zenbait buruzagiri. Besteren artean, polizia buruari. Grace Mugabe presidente ohiaren emaztearen hurbilekoa dela deritzote txistu egin diotenek.

Hain zuzen, Grace Mugabek zen bere senarra karguan ordezkatzeko hautagai aurkeztu zuen bere burua —eta Mnangagwaren aurkari zuzen bihurtu zen—. Lehia horrek piztu dituen tentsioekin lotu dute joan den asteko militarren esku hartzea.

Ekitaldian nazioarteko hainbat ordezkarik parte hartu dute. Bertan izan dira Hegoafrikako Telekomunikazio ministroa, Botsuanako presidentea, eta Zambia eta Namibiako ordezkariak. Robert Mugabe ez da ekitaldian izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.