MUNDUA

Mohamed El-Baradei Egiptoko lehen ministro izendatuko dute

Istiluen ondorioz, guztira 36 hildako eta milatik gora zauritu izan dira Egipton Mursiren aldekoek ospatu duten Amorruaren Egunean. Horietatik bost militarrek tirokatuta hil dira.

2013ko uztailaren 6a
19:43
Entzun

Mohamed el-Baradei Egiptoko oposizioko burua izendatuko dute lehen ministro, Khaled Daud Salbazio Nazionalerako Fronteko eledunak jakinarazi duenez. Adli Mansur behin-behineko lehen ministroak eman dio kargua betetzeko agindua, Abdel Fata el-Sisi armadako buruarekin bildu ostean. Anaia Musulmanen Justizia eta Askatasuna alderdia ere gonbidatu ditu hitz egitera, baina hark uko egin dio: lehengo konstituzioa berrezartzeko eskatzen dute.

Amorru Eguna ospatu zuten atzo Egiptoko armadak ostegunean Mohamed Mursi kargutik kentzeagatik haserre. Gauez, iskanbilak izan ziren Mursiren eta estatu kolpearen aldekoen artean, eta bi hildako izan ziren horren ondorioz Tahrir plazan. Eguerdiko errezuaren ostean, Mursiren aldekoak armadak kargugabetutako presidentea isolatuta daukan lekuraino joan ziren. Egiptoko Osasun Ministerioaren arabera, guztira, 36 dira Amorruaren Eguneko istiluetan hildako pertsonak. Amorru Egunean istilurik handienak Alejandrian gertatu ziren: 14 pertsona hil eta 200dik gora zauritu ziren.

Egipto erdibituta dago, eta batzuen eta besteen aldekoen artean istiluak etengabekoak dira. Helikoptero militarrak eta ehiza hegazkinak arratsalde eta gau osoa aritu ziren Tahrir plazaren gainaldean hegan eginez, Egipton bizi den tentsioaren erakusgarri. Batzuen pozarekin kontrastean, Mursiren aldekoek kargugabetutako presidentea askatu eta estatu kolpearen aurreko ordena berrezarri arte borrokan jardungo dutela adierazi dute.

MENA Egiptoko informazio agentzia ofizialaren arabera, atzo Jairat al-Xater Anaia Musulmanen liderretako bat atxilotu zuen armadak, bortxakeria bultzatzeagatik.

Bien bitartean, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari ohi Mohamed El Baradei trantsizioko gobernuaren gidari izan daiteke. Kargua baieztatuko balute, haren eginkizuna herrialdea hauteskundeetara bideratzea litzateke; armadak oraindik data zehaztu noiz izango diren hauteskundeak. CNN telebista kateari eginiko adierazpenetan, Mursiren kargugabetzea ez dela estatu kolpea izan adierazi du El Baradeik, nahiz eta Konstituzioa indargabetu eta demokratikoki aukeratutako presidentea kargutik kendu. Horren ordez, Egiptoren aldeko keinua dela iritzi du: "Neurri konstituzional gehigarria izan da, herrialdeak batuta jarraitzen duela bermatzeko; bestela, gerra zibil baten arriskua legoke".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.