Iragan ekainaren 5ean independentzia aldarrikatu zuen Montenegro burujabearen lehenengo hauteskunde orokorretan garaile irten da Milo Djukanovic lehen ministroa. Herenegun egin ziren boz hauetan, Montenegro independentziara eraman duen agintariaren aldeko koalizioak Podgoricako legebiltzarrak dituen 81 hautetsietatik 41 lortu dituela nabarmentzen dute behin-behineko emaitzek. Balkanetako estatu berria Europa Batasunean sarrarazteko bidean urratsak eginaraztea duela helburu nagusi berretsi du Milo Djukanovicek.
«Segurtasun osoz esaten ahal dut, 42 diputatu lortu ditugula eta beste bat gehiago lortzeko aukera handiak dauzkagula», adierazi zien herenegun arratsean Djukanovicek Montenegroko Gobernuaren egoitzaren aitzinean bildutako milaka jarraitzaileei. Atzo iluntzea artean, baina, behin-behineko emaitzarik ez zen zabaldu eta Bozen Zaintzarako Zentroa (CEMI)gobernuz kanpoko erakundeak azpimarratzen zuen aldaketarik egon zitekeela. Beste GKE batek, Trantsizio Demokratikoarentzako Zentroak (CDT), egindako zenbaketen arabera, Djikanovocen aldeko indarrek 41 diputatu lortuta dauzkate dagoeneko.
Nolanahi ere, Europaren Aldeko Montenegro koalizioa osatu duten Djukanovicen Sozialisten Alderdi Demokratikoak (DPS) eta haren aliatu Alderdi Sozialdemokratak (SDP) Legebiltzarrean gehiengo osoan ziratekeela nabarmentzen zuten behin-behineko emaitza hauek. Bozketa hauetara sakabanatuta aurkezten ziren oposizioko indarrei dagokienez, aldiz, Montenegroko independentziaren aurkako bozeramaile nagusi izan zen Pedrag Bulatovicen Herriaren Alderdi Sozialistak (SNP) 11 hautetsi soilik lortu ditu. Horiek horrela, eratu berri den Serbiarren Zerrendak aurrea hartu dio, honek 12 diputatu erdietsi dituelarik. Ezustekorik handiena, haatik, Aldaketarako Mugimenduak (PZP) lortutako emaitza izan da, independentziaren alde eta aurka ziren batzuk bateratzen dituen indar politiko sortu berri honek 11 zinegotzi izango baititu.
«AGINTE USTELDUAREN» SALAKETA.Montenegro Europako Batasunean sartzearen alde dagoen PZP alderdiko buru Nebojsa Medojevisek «Milo Djukanovicen aginte usteldu eta gaizkilea» etengabe salatu du bozen kanpaina denboran. Balkanetako Korreoa internet guneak plazaratutako elkarrizketa batean Medojevisek zioenez: «Hedabideak eta ekonomia kontrolatzen dituen eta oligarkia errusiarrarekin lotuta dagoen gobernu bat egotea bateraezina da EBn sartzearekin». Salaketa hauei sinesgarritasuna eman die Errusiako konpainia andana Montenegroko aluminio ekoizketa enpresa publikoaz, bauxita meatokiez, argindar ekoizpen zein erregai banakuntza sareez azken urteotan jabetu izanak. Horrela, «Montenegron ekoitzitako aberastasunen erdia konpainia errusiarren eskuetan dago», Medojevisen ahotan.
Askatasun publikoen defentsarako erakunde batetik sortutako PZP indar politikoaz gain, beste boz batzuek ere behin eta berriro nabarmendu dituzte azken 16 urteotan agintean egon den Milo Djukanovici buruzko ustezko ustelkeria susmoak. Hala eta guztiz ere, herenegungo hauteskundeetan lortutako garaipen zabalak agerian utzi du oniritzi nahiko handia daukala Montenegroko herritarren artean.
Herrialde honetako 650.000 bizilagunetatik 485.000 inguru botoa ematera deituta zeuden. Hauteskunde Batzordeak zabaldutako datuen arabera, hautesleetatik %70 inguru izan dira bozkatzen. Iragan maiatzean, independentziaren alde ala aurkako erreferendumaren karietara, aldiz, parte hartzea %85ekoa izan zen. Igandeko bozak kontrolatzeko, 2.000 behatzaile zeuden, hauetatik 200 atzerrikoak.«Eskas batzuk egotea» azpimarratu arren, Montenegro burujabean antolatutako lehenengo hauteskundeak txalotu zituen ESKEEuropako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak. «Munduko herrialde sortu berriko herritarrak harro egon daitezke, hauteskunde hauek nazioarte arau demokratikoen araberakoak izan baitira», zioen ESKEk atzo zabaldutako oharrak.
EUROPARAKO BIDEAN. Bere gobernuaren aldeko indarrak gailentzea «Montenegro Europako Batasunean sartzearen aldeko nahiaren aldarrikapen argia» dela adierazi zuen Djukanovicek eta gaineratu: «Honezkero, gure ahalegin guztiak helburu bakar batera bideratuko ditugu, hau da Europa batuko herrialdeen artean kidetzera». Bide horretan Montenegrok egingo duen lehen urratsa EBrekin lankidetza eta egonkortasun akordioa hitzartzea izango da eta hori urte hau amaitu aurretik gauzatzea espero du Djukanovicek.
Serbiarekin lotuta egoteak EBn sartzeari traba egiten ziola adierazi zuen behin eta berriro Djukanovicek, Montenegrok burujabetza baitezpada lortu beharra argudiatzearren. Hortaz, herrialdeak burugaintasunaz jabetu eta Djukanovicek bere nahierako politika bultzatzeko gobernu gehiengo zabala lortu ondoren, EBn sartzeko helburua gauzatzean eta Montenegroren garapena haztean epaituko dutela iritzi diote adituek.
Montenegro burujabeko lehenengo bozak Milo Djukanovic gobernuburuak irabazi ditu
Podgoricako Legebiltzarreko 81 hautetsietatik 41 lortuta, gehiengo osoa izango du, herrialdea EBra bideratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu