Montenegron hauteskundeak egingo dira gaur, independentzia lortu eta hiru hilabetera

Inkesten arabera, Milo Djukanovic egungo lehen ministroaren alderdiak jasoko du boto gehien

arantxa iraola
2006ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak egingo dira gaur Montenegron, independentzia lortu eta hiru hilabetera. 747 hautagai aurkeztu dira, eta horietatik 81 diputatu aukeratuko dituzte. 484.430 lagunek izango dute botoa emateko eskubidea. Parte-hartze handia espero da, baina ez iragan maiatzean adinakoa; maiatzaren 21ean Serbiatik bereizi eta estatu independentea sortzeko proposamenaren alde edo kontra bozkatzeko erreferenduma egin zen. Herritarren %86,49k eman zuten botoa, eta, independentziaren aldeko aukerak irabazi zuen. Bozen %55,5 baiezkoaren aldekoak izan ziren. Erreferendumaren emaitzari jarraiki, ekainaren 3tik da Montenegro estatu independentea. Orain Parlamentua hautatu, eta Montenegro subiranoaren Konstituzioa egin nahi dute.

Alderdiek aldaketa ekonomiko eta politikoak proposatu dituzte, eta EB Europako Batasunean sartzeko beharrezkoak diren urratsak hitzeman dituzte. Badakite zertan ari diren. Azken inkestetan ikusi da herritarren %75,6 ondo ikusten dutela EBn sartzeko prozesua hastea.

INKESTAK. Inkesten arabera, Milo Djukanovic egungo lehen ministroak (DPS Sozialisten Alderdi Demokratikoa) zuzentzen duen zerrendak jasoko du boto gehien. Uste hori bera du berak ere. «Gehiengo osoa lortuko dugu, eta Gobernua osatzeko aukera. Europako bizi-kalitatea nahi dugu Montenegrorentzat». DPS beste bi alderdirekin elkartuta aurkeztu da hauteskunde hauetara, SDP Alderdi Sozialdemokrata eta HGI Hiri Ekimen Kroaziarra izan ditu kide bidean.Djukanovicen zerrendako hautagaiek 81 eserlekutik 38 lortuko dituztela diote inkestek, eta aski izango dutela beste hiru diputaturen babesa gehiengo osoa lortzeko. Djukanovicen gobernuaren inguruan ustelkeriarekin lotuta albiste ugari atera dira azkenaldian, baina ez dirudi bozetako emaitzetan eraginik izango dutenik. Erreferendumean lortu zuten arrakastaren olatuari eutsi nahi diote.

Adituen arabera, bigarren indarra SNP Alderdi Sozialista Herrikoia izango da, Predrag Bulatovicek zuzendua. Beste bi alderdi txikirekin batuta aurkeztu da oraingo honetan hauteskundeetara. Hirugarren indarra Aldaketetarako Mugimendua talde berria izanen dela pentsatzen da. Nebojsa Medojevic politikariak zuzendutako taldea da, eta zenbait adituk ezustekoren bat eman dezakeela pentsatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.