Kroaziaren ondoren Europako Batasunean sartuko den Balkanetako hurrengo estatua izan nahi du Montenegrok, astelehenean Milo Djukanovic lehen ministroak esan zuenez.
Hain justu, Balkanetako estatuak EBri lotzeko prozesuan lagunduko dituen Europaren Gerorako Zentroa ireki zuten herenegun Ljubljanan (Eslovenia). Jugoslaviatik bereizitako estatuek EBko Hogeita bostekin bat egin nahi dute. Horretan arazoak ditu Serbiak, elkartzeko akordioa sinatzeko elkarrizketak izoztuta baititu Bruselak, Belgradek Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Auzitegiarekin elkarlana erakusten ez duela argudiatuta. EBn sartzeko lehen urratsa da akordioa.
Mendeetan hainbat erresumatan bilduta edota banatuta egon ondoren (tartean Inperio Otomandarra), XIX. mendean hasi ziren Balkanetako herrialde batzuk (Grezia, Serbia, Bulgaria eta Montenegro) beren independentzia berreskuratzen. II. Mundu Gerraren ondotik Sobiet Batasunak eta alderdi komunistek zeresan handia izan zuten Balkanetan.
HISTORIA GATAZKATSUA. Gerra Hotzean Moskuk sostengatutako gobernuek agindu zuten Balkanetako estatu gehienetan. Alta, Jugoslavia (1948an) eta Albania (1961ean) hartatik aldendu ziren. Jugoslaviako presidente Josip Broz Tito-k Mendebalderako hurbilketa egin zuen hasieran, eta geroago Herrialde Ez Lerrokatuen Mugimenduari lotu zitzaion. Albaniak, Enver Hoxha buru zuela, Txinarantz jo zuen, eta geroago bakartuta aurrera egitea hautatu zuen.
Dena den, Jugoslavia izena eraman duten hiru entitate politiko izan dira: 1918-1941 artekoa, 1945-1991 artekoa eta 1992-2003 artekoa. Jugoslavia desagertu zenean (2003an) geratzen zitzaizkion azken errepublikek Serbia eta Montenegroko estatua osatu zuten.
Lehendik zetozen tirabirak eta independentziarako nahiak 1990eko hamarkadan lehertu ziren. Gerrak, garbiketa etnikoak eta aldaketa demografiko behartuak izan ziren nagusi Jugoslavia ohiko herrialdeetan. Eslovenia izan zen lehena independentzia eskuratzen, 1991ko ekainean, 10 eguneko gerraren ondoren. Kroaziak urte berean aldarrikatu zuen bere independentzia, baina serbiarrekin gerra luzea piztu zen. 1991ko irailean, erreferendum bidez lortu zuen independentzia Mazedoniak. Bosnia-Herzegovinak, 1992ko apirilean, bide bera erabili arren, bosniar-serbiarrek emaitzaren kontra egin zuten, indarrez. Serbiar, kroaziar eta bosniar musulmanen arteko gerra piztu zen.
Kosovok Serbiatik banandu eta estatu subirano izateko saioa egin zuenean Belgradek gogor egin zion aurka. Hala, 1999ko martxoa eta ekaina artean, NBEren oniritziarekin, NATOko indarrek Serbia bonbardatu eta NBEren protektoratu bihurtu zuten Kosovo. Orain honen estatusa zehaztea geratzen da. Serbiarrek beren sorburua Kosovon kokatzen dute, baita beren gurleku historikorik zaharrenak ere. Halere, gaur egun populazioaren %90 albaniarrak dira.
SERBIARREN KEZKA. Azken 15 urteotan, Jugoslaviako estatu federala osatzen zuten sei errepubliketan nagusi izatetik estatu bakar geratzera igaro da Serbia. Ia 250.000 kilometro koadroko eta 25 milioi biztanleko estatu federaleko kide izatetik 90.000 kilometro koadro eta 10 milioi biztanle (horietatik 1,5 milioi kosovoarrak) izatera pasatu da. Egoera nabarmen aldatu da.
Banandu ondoren,
harreman berriakSerbiak eta Montenegrokkomunean zituzten egiturak banatu eta nork bere aldetik erakunde eta antolaketa berriak eraiki beharko dituzte orainj.M. sarasolaDuela ia 100 urte, 1918an (II. Mundu Gerraren bukaeran), galdu zuen independentzia oraintsu, igandeko erreferendumean, berreskuratzeko pauso sendoak abiatu ondoren, Montenegrok orain arte federaziokide izan duen Serbiarekiko harreman berri eta ezberdinei ekingo die. Lehenago, ordea, Montenegroko Legebiltzarrak formalki aldarrikatu beharko du independentzia.
Bitartean, Montenegro eta Serbia batuta egotearen aldekoak-bloke unionistak- Montenegroko dozenaka herritan erreferendumaren emaitzak baliogabetzeko eskatu zuten atzo, irregulartasunak izan zirela salatuta. Gainera, emaitzak ondo aztertzeko laguntza galdegin zion Europako Batasunari. Igandeko galdeketan herritarren %55,5ek esan zioten Da (Bai) independentziari.
Serbia eta Montenegro estatu batasunarenak eginda, Svetozar Merovic presidenteak dimisioa emango du datozen egunotan. Merovic montenegroarra da, eta independentista. Herenegun azaldu zuenez, orain arteko ministerioen funtzioak trantsizio fase batean beteko dituen lan talde bat osatzea oso litekeena da, harik eta bi estatuen bereizketa gauzatu arte.
Bestalde, Brusela eta Belgrad negoziatzen aritu diren Egonkortze eta Elkartze Akordioa moldatzeko eta Montenegrorekin akordio hori beste alde batetik negoziatzeko baimena eman diezaiola eskatuko dio Europako Kontseiluari Europako Batzordeak.
Azken urteotan Serbiak eta Montenegrok zuten federazioa eraitsi, eta bi estatu bereizi eraiki beharko dituzte biek. Horretarako, egungo egitura federal batzuk baztertu, eta beste batzuk erreformatuko dituzte. Gainera, batasunaren aktiboak nola banatu negoziatu beharko dute. Halaber, atzerrirako ordezkaritza egokitu beharko dute. Montenegrok nazioarteko erakundeetan (NBE, kasu) sartzeko eskaera egingo du. 2002tik euroa du moneta, Serbiak dinarra duen bitartean. Montenegrok Mugetako Polizia du, baina Armada eraiki beharko du; Serbiak, aldiz, Defentsa Ministerioa berreraiki.
Serbia itsasorako irteerarik gabe geratu da orain, baina Podgoricako gobernuak negoziazioetarako karta sendoa izan dezake arlo horretan. Serbiako ospitale, unibertsitate eta bestelako zerbitzu publikoak erabiltzeko aukeraren truke (Montenegroko azpiegiturak ez dira hain onak) portuetarako irispidea eskaintzen ahal dio Montenegrok Belgradi.