Mario Monti Europako komisario ohi eta ekonomilariak Italiako Gobernua osatzeko akordioa lortu du herrialdeko alderdi politiko nagusiekin, eta bihar emango du ministroen zerrendaren berri, Italiako Presidentziak jakinarazi duenez. Bihar goizean Giorgio Napolitano errepublikako presidenteak bilduko da.
Gobernu akordioaren berri lehendabizi CISL Italiako sindikatuen konfederazioak eman du, gaur arratsaldean Montirekin bildu ondotik. "Montik esan digu legebiltzarrean indar handia izateko lortu duela alderdi nagusiekin akordioa, eta laster izango dela ministroen zerrenda aurkezteko moduan", adierazi du Raffaele Bonanni CISLeko bozeramaileak.
Silvio Berlusconik larunbatean eman zuen dimisioa lehen ministro kargutik, Kongresuak eurogunearen neurriak onartu ondoren. Napolitano errepublikako presidenteak Montiri eman zion gobernua eratzeko ardura.
Zorra murrizteko helburua
Finantzaketa lortzeko erraztasuna izatea oso garrantzitsua da zorrak itota dagoen herrialde batentzat. 1,9 bilioi euroren zorra du Italiak, BPG barne produktu gordinaren %120 adinakoa. Ondorioz, inbertsiogileen konfiantza gal ez dezan eta dirua modu onean utz diezaioten, zor hori murrizteko konpromiso argia duela erakutsi beharko die, Diputatuen Ganberak onartutako erreformak martxan jarrita. Eta hori ere Montiren lana izanen da, desatseginagoa, herritarrei eragiten dieten erabaki zailak hartu beharko dituelako.
2012ko Aurrekontu Legeak dioenaren arabera, BEZ balio erantsiaren zerga %20tik %21era igo beharko du, erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratu beharko du, zerbitzu publikoak pribatizatu beharko ditu, funtzionarioei soldatak izoztu beharko dizkie... Neurri horien helburua 2014ra bitarte 60.000 milioi euro aurreztea da eta diru hori zor publikoa kitatzera bideratzea.
Europako Batzordeak, ordea, dagoeneko jakinarazi dio Italiari larrialdiko neurri horiez gain, erreforma sakonagoak egin beharko dituela; besteren artean, lan merkatuan eta pentsio sistema publikoan sakon-sakoneko aldaketak egin beharko dituela.