Bihar egingo dute Monumental Bartzelonako zezen-plazan azkeneko zezenketa, hiriko festetan. Kataluniako Legebiltzarrak 2012tik aurrera zezenketak debekatzeko erabakia hartu zuen iazko irailaren 28an, eta azkenak 2011n egingo direla zehaztu zuen. Monumentali iritsi zaio bukaera, eta Jose Tomas toreatzailea ariko da azkeneko saioan.
Xabier Trias (CiU) Bartzelonako alkateak jakinarazi du Udalak ez duela zezenketara ordezkaririk bidaliko, eta CiUko ordezkaririk ere ez dela izango. "Zezenketak bukatzea prozesu logiko bat da, gero eta jende gutxiago joaten delako ikustera, Jose Tomas jauna aritzen denean salbu". Legebiltzarrak "XXI. mendean zezenketak debekatu izana ere logikoa" dela adierazi du alkateak.
68 parlamentarik bozkatu zuten debekuaren alde, 55ek kontra eta bederatzi abstentzio izan ziren. Gaia legebiltzarrera herri ekimen legegile baten bidez heldu zen, 180.000 sinadura bildu ostean.