Moralesek herriaren esku utzi du geroa

Senatuak bere agintaldia kolokan jartzeko onartu duen erreferendumaren beldur ez dela dio Evo Moralesek

Kristina Berasain Tristan.
2008ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Evo Morales Boliviako presidenteak herritarren eskuetan utzi du bere etorkizun politikoa eta, galtzeko beldurrik ez duela agerian utziz, herritarren sostengua jasoko duela sinetsirik, bere agintaldia amai dezakeen erreferenduma egitea onartu du. «Herritarren eskuetan jartzeko jarrera berretsi nahi dut; gobernatzeko zeinek balio duen eta zeinek ez erabakitzea herriaren eskuetan dago». Senatuak presidentearen agintaldia kolokan jartzeko asmoa duen proiektua onartu eta berehala egin ditu adierazpenak Moralesek. Haren hitzetan «demokrazian sakontzeko» modua da galdeketa.

Erreferenduma egiteko 90 eguneko epea dago orain. Moralesek 2005eko abenduan egindako hauteskundeetan lortu zuen sostengua beharko du, gutxienez, erreferendumean karguan jarraituko badu. MAS Sozialismorako Mugimenduko buruzagiak gehiengo absolutua eskuratu zuen urte hartako abenduaren 28an -botoen %53,7-; orotara 1.544.37 boto.

Emaitza horri eutsi beharko dio, beraz, orain; bestela, sostengu zabalagoa lortu beharko du. Orduko botoei eusteko gai ez bada, ordea, hiru eta sei hilabete arteko epean bozak deitu beharko ditu. Berez bost urtekoak dira agintaldiak Bolivian.



JARRERA ALDAKETA SENATUAN. Moralesen etorkizunaz gain, baina, presidenteordearena -Alvaro Garcia Linera- eta herrialdeko bederatzi eskualdetako gobernadoreena ere kolokan dago. Santa Cruzen, Pandon, Benin eta Tarijan oposizioko gobernadoreak daude egun, eta autonomia eskuratzeko galdeketak baliatzen ari dira egun presidente indigenaren kontrako jarrera agerian uzteko. Erreferendumaren galdera hauxe izango da: «Aldaketa prozesuak aurrera egin dezan ados al zaude?».Ezezkoa gailentzen bada, hauteskundeak egin bitartean, eskualdeetako behin-behineko gobernadoreak izendatzeko eskumena izango du Moralesek.

Senatuak une honetan espero ez zen bidea hartu du; izan ere, oposizioa da nagusi ganbera horretan, eta iragan urtarrilean uko egin zion presidenteak erreferenduma egiteko luzatu zuen proposamenari. Konstituzioaren eztabaidak eragin zuen krisiaren harira aurkeztu zuen orain egingo den erreferendumerako testua Moralesek. Oposizioa, baina, itunaren kontra agertzeaz gain -testua onartzeko erreferenduma egiteko dago-, galdeketa egitearen kontra ere agertu zen orduan. Diputatuek aurretik sostengatu zuten testua, baina, atzera bota zuen orduan Senatuak -Legebiltzarrean MAS da nagusi-. Oposizioak orain berriz ere ekimen hari heltzea espero ez bazen ere, erreferendumaren alde egin du oraingoan ere MASek Senatuan.

Santa Cruz eskualdean igandean oposizioak egin zuen autonomia erreferendumean baiezkoak irabazi zuen (%85) baina abstentzioa handia izan zen (%48). Pandon, Benin eta Tarijan egitekoak ziren galdeketekin zer gertatuko den ikusteko dago orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.