Galdeketaren osteko inkestek plazaratutako emaitzak dira, ez ofizialak. Hauteskunde Auzitegi Nazionala botoak zenbatzen ari da oraindik. Lerro hauek idazterako orduan, botoen %24,20 baino ez zituzten zenbatu. Horietatik %51,6 Konstituzio berriaren aldekoak dira; 446.532 boto, alegia. Eta kontrakoak 418.703, zenbatutakoen %48,4. Zenbaketa probintziaka ari dira egiten. Hala, Moralesen kontrakoak gehiengoa diren Tarija probintzian hasi dira. Eta La Pazen amaituko dute, presidenteak aldeko gehien duen lekuan. Beraz, hasieran hala ez dirudien arren, emaitza ofizialak inkestek jakinarazi dituztenen antzekoak izango direla espero da.
Behin-behineko datuak ezagutzeko zain egon beharko da, gainera. Datozen astelehenean bukatuko du egitekoa Hauteskunde Auzitegi Nazionalak. Hala jakinarazi du erakundeko presidenteak, Jose Luis Exenik. Ondoren, Legebiltzarrera bideratuko dituzte emaitzak, diputatuek berretsi ditzaten. Egutegi ofizialaren arabera, otsailaren 20an izango da hori.
Prozesuak luze joko duela ikusita, Gobernuak eta oposizioak balekotzat eman dituzte galdeketaren osteko inkestek plazaratutako emaitzak, eta ondorioak atera dituzte jada. Hala, herenegun, 21:00ak aldera -atzo goizaldean Euskal Herrian-, irabazi egin zuela esan zuen Moralesek. La Paz hiriburuko Jauregi Errearen balkoira atera, eta halaxe adierazi zion Armen Plazan bildu ziren ehunka jarraitzaileri: «Gaur hasi da Bolivia berreraikitzen, aukera berdintasunaren Bolivia».
Izan ere, nazioa berritzeko giltzarritzat jo du Moralesek onartu berri duten Konstituzioa. Hortik abiatuta, hain zuzen, estatu bakarra, baina aldi berean plurinazionala, deszentralizatua eta autonomietan oinarritua osatu nahi du. Haren arabera, gainera, indigenek ere lekua izango dute Gobernuko egituretan -boliviarren %7 baino ez dira zuriak, eta %35 mestizoak-. Era berean, ekonomia eredu berria ere proposatu du testuak: Estatuak kudeatuko ditu natura baliabideak. «Gaurtik aurrera amaitu da Estatu koloniala, neoliberala eta herrialdeko baliabideak enkantean ateratzen dituena», oihukatu zien jarraitzaileei Moralesek. 2006ko urtarrilaren 22an karguaren zina egin zuenetik, ezaugarri horiek dituen herrialdea osatzeko lanean dihardu aimara etniako presidente kokaleroak. Hurrengo urratsa ere iragarri du: aurtengo abenduaren 6ra aurreratu ditu 2010eko bozak. Eta hautagai izango da, ziur asko. Beste behin aurkezteko baimena ematen dio, izan ere, Konstituzio berriak.
Oposizioa ere ospatzen
Bestalde, galdeketan parte hartutakoen%40k ezetza bozkatu dutela kontuan hartuta, batasunerako deia egin zuen Moralesek, Gobernuaren egoitzan. «Hemen ilargi betea dago, ez ilargi erdia». Hala, oposizioak agintzen duen eskualdeei egin zien erreferentzia; mapa gainean ilargi erdi bat irudikatzen dute euren burua autonomo aldarrikatu zuten probintziek, izan ere. Haietako prefektuekin -gobernadoreak- elkarlanean jarduteko asmoa erakutsi du presidenteak, egun ez den batasuna egia bihurtuko bada, eta Konstituzio berria martxan jarri ahal izateko. Eta lehen pauso gisa, Autonomien Batzordea osatzea proposatu du.
Probintzia errebeldeetako agintariek lekuko emaitzak baloratu -Konstituzioari ezetza-, eta testu berria ez dutela aintzat hartuko ohartarazi dute. Horretarako itun nazionala ezinbestekoa dela adierazi du Santa Cruzeko prefektu Ruben Costasek. «Arbuiatu dutenei Konstituzioa inposatzea ez da morala, eta ez da posible». Funtsean, testu berriak eskumenak kentzen dizkieteprobintzietako agintariei, eta horregatik egin dute ezetzaren aldeko kanpaina. Autonomiak aintzat hartzen dituen arren, eta probintziek 36 eskuduntza esklusibo izango dituzten arren, gasa eta petrolioaren ustiaketa Estatuak kontrolatuko du aurrerantzean.
Datua
MORALESEN GARAIPENAK2005eko abendua. Evo Moralesek Boliviako presidentetzarako bozak irabazi zituen, botoen %53,74 eskuratuta; gehiengo osoa lortu zuen hala.
2006ko uztailaren 2a. Moralesen alderdiak, MAS Sozialismorako Mugimenduak, Batzorde Konstituziogilerako hauteskundeak irabazi zituen, botoen %50,7rekin.
2008ko abuztuaren 10a. Morales karguan jarraitzearen alde egin zuten erreferendumean parte hartutakoen %67,4k.
2009ko urtarrilaren 25a. Konstituzio berriaren alde egin zuten %60k, galdeketan.