ERRUSIA ETA UKRAINAREN ARTEKO ERREGAI GATAZKA

Moskuk eta Kievek bost urterako akordioa lotu dute

Errusiako Gazprom enpresak gasa Europan kokatutako enpresa bati salduko dio, 230 dolarretan, eta Ukrainak 95 dolarretan erosiko dio hari

arantxa elizegi egilegor
2006ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ordu luzeak igaro zituzten negoziatzen Errusiako Gazprom gas enpresako eta Ukrainako Naftogazeko ordezkariek. Baina, azkenean, atzo lotu zuten datozen bost urteetan indarrean egongo den hitzarmena. Gustura agertu zen Kiev lortutako akordioarekin, eta baita Mosku ere. «Akordioak merkataritza harremanak bultzatuko ditu eta Europak gasa izango duela bermatuko du», nabarmendu zuen Gazpromeko buru Alexei Millerrek.

Bi aldeek sinatutako hitzarmenaren arabera, Errusiak Suediako Rosukrenergori salduko dio gasa, eta hark 230 dolar ordainduko ditu 1.000 metro kuboko. Naftogazek, era berean, hari erosiko dio erregaia eta 1.000 metro kuboko 95 dolar ordainduko ditu. Baina Ukrainak erosiko duen gasaren heren bat soilik izango da Errusiakoa. Beste bi herenak Turkmenistandik, Uzbekistandik eta Kazakhstandik hartutakoak izango dira. Gazpromeko arduradunek azaldu zutenez, Rosukrenergok galerarik izan ez dezan nahastuko dute Errusiako gasa merkeagoa den Asiakoarekin. Era berean, ordea, Kievi salduko ez dion gasa garestiago saldu ahal izango du Moskuk Europan. Orain arte, sobietar errepublika ohiei merkeago saltzen zien gasa Errusiak. Baina aurten Europako salneurrien berdinak jartzea erabaki zuen. Ondorioz, 1.000 metro kuboko 50 dolar ordaintzetik 230 ordaintzera igaro behar zuen Ukrainak. Hark, baina, gehiago ordaintzeko prest egon arren, prezioen igoera mailakatua egiteko eskatu zion. Horiek hala, hilaren 1ean, horniketa eten zion Moskuk. Antzeko egoeran zegoen Moldavia ere. Hark 80 dolar ordaintzetik 160 ordaintzera igaro behar zuen. Lerro hauek idazteko unean Gazpromek Chisinaurekin negoziatzen jarraitzen zuen.

Gasbidea, garestiago

Ukraina zeharkatzen duen eta Errusiak gasa Europara eramateko erabiltzen duen gasbidearen prezioa igotzea ere hitzartu zuten atzo. Lehen, 1.000 metro kuborengatik eta 100 kilometroko distantziagatik 1,09 dolar ordaindu behar zituen Moskuk. Aurrerantzean 1,6 dolar ordaindu beharko ditu. Ordainketak dirutan egin beharko dituzte, eta ez erregaitan orain arte bezala.

Errusiako presidente Vladimir Putin eta Ukrainako gobernuburu Viktor Justxenko pozik agertu ziren akordioarekin. «Irtenbidea aurkitu izana Ukrainaren eta Errusiaren arteko harremanen mesederako izango da», nabarmendu zuen. Justxenkok, bere aldetik, goratu egin zuen lortutako akordioa. Haren esanetan, herrialdea prest dago jadanik merkataritza askearen baldintzak betetzeko. Bestalde, gas horniketa atzo bertan jarri zuten martxan. Gazpromek Europara bidaltzen duen gasaren %80 Ukrainatik igarotzen da. Ondorioz, Ukrainaren horniketa eten zutenean, Europako hainbat herrialde kexu agertu ziren, normalean baino erregai gutxiago jasotzen zutelako. Arazoa konpontzeko, ohikoa baino erregai gehiago bidaltzen hasi zen Errusia, eta, era berean, gasa lapurtzea egotzi zion Kievi. Ondorioz, atzo hitzartutako akordioaren arabera,baimenik gabe beretzat hartu zuen gasa ere ordaindu beharko du Kievek. Kievek ukatu egin ditu orain arte Moskuren salaketak.

Akordioaren argi-itzalak

Adituen arabera, akordioak argi-itzal asko ditu. Rosukrenergo enpresaren erdia Gazpromena dela kontuan hartuz, badirudi Gazpromen kaltetan izan dela, Errusiako enpresak bere buruari salduko diolako gasa, 230 dolarretan, gero 95 dolarretan saltzeko. Aldi berean, ordea, Errusiak Turkmenistani erosten dio erregaia, eta 1.000 metro kuboko 55 eta 65 dolar artean ordaintzen ditu, gero Europako salneurrietan saltzeko.

Bi aldeek ez zuten argi utzi Errusiak Ukrainako gasbidean esku hartu ahal izango duen. 30.000 milioi dolar inguru balio du gasbideak. Baina Moskuk beretzat eskatzen zuen gasbide horren zati bat, erregaiaren salneurriak mantentzearen truke. Salneurriak igota Ukraina Iraultza Laranjarengatik zigortu nahi izatea leporatu zioten hainbat herrialdek Errusiari, AEBak tartean. Moldaviako presidente Traian Basescuren esanetan, salneurri berria sobietar errepublika ohiek independentziaren truke ordaindu beharreko prezioa da. «Sobietar errepublikak ala herrialde independenteak izan nahi duten erabaki behar dute. Errusiak ezin du adiskide politiko ez dituen herrialdeei diru laguntzak ematen jarraitu».

-

Hitzarmenaren puntu nagusiak





Rosukrenergo: Egoitza Suedian duen enpresa horren erdia Errusiako Gazprom enpresarena da. Gazpromek erregaia 230 dolarretan salduko dio Rosukrenergori, eta Ukrainak hari erosiko dio gasa, 95 dolarretan.

Asiako gasa: Ukrainari salduko dioten gasaren heren bat soilik izango da Errusiakoa. Moskuk Turkmenistani erosten dio erregaia, eta 1.000 metro kuboko 55 eta 65 dolar artean ordaintzen ditu, gero Europako salneurrietan saltzeko. Ukrainak jasoko duen gasaren beste bi herenak Asiatik hartutakoak izango dira. Hango erregaia merkeagoa da.

«Lapurtutako gasa»: Errusiak Europara bidaltzen duen gasaren %80 Ukrainatik igarotzen da. Moskuk erregai horren zati bat beretzat hartzea leporatu dio Kievi, eta horrek hartutako gasa ordaindu egin beharko du.

Gasbideak: Ukrainako gasbideak erabiltzeagatik 1,09 dolar ordaintzen zuen lehen Moskuk. Orain, 1,6 dolar ordaindu beharko ditu. Ordainketa dirutan egingo da, eta ez erregaitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.