Vladimir Putinen kolaboratzaile finenetako bati eman diote Moskuko alkatetza. Lehen ministroarengandik oso hurbil egin ditu Sergei Sobianinek orain artekoak, eta hiriburuko alkate kargutik ere haren alde egiten jarraituko duela dirudi. Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak proposatu du Sobianin kargurako; halaber,Medvedevek berak behartu zuen Juri Luzhkov alkatetza uztera, irailaren 28an. 18 urtez agindu du Luzhkovek Moskun. Harengan konfiantza galdu dutela argudiatuz, baina, paretik kentzea erabaki dute ofizialistek. Adituen iritziz, hauteskundeak gertu daudelako egin dute aldaketa; alegia, Sobianinek gehiengoari eusten lagunduko dielakoan. Parlamenturako hauteskundeak datorren urtean egingo dituzte, eta presidentetzarakoak, 2012an.
«Moskuren lehiarako abantaila guztiak galduko genituzke ustelkeriagatik eta burokraziagatik. Zalantzarik gabe, hiri honek administrazio irekiagoa eta eraginkorragoa behar du», adierazi du Sobianinek alkate kargua hartzean. Izan ere, ustelkeria izan da Luzhkov kargutik kentzeko aitzakia. Baina ofizialisten interesak gailentzeko aitzakia izanda ere, Moskun gehiegi zabaldua den errealitatea ere bada ustelkeria. Eraikuntzaren sektorean, bereziki.
Munduko hiri garestienen artean dago gaur egun Mosku -etxebizitza bat alokatzeagatik milaka euro ordaindu behar dira-, eraikuntzan espekulazioak eta ustelkeriak izan duten garrantziagatik, neurri handi batean. Haatik, eta aldaketak aldaketa, ez dirudi eraikuntzako negozioa bukatuko denik, baina alkate berriarekin aberastuko direnak beste batzuk izango dira.
Aldaketari etekin ateratzen lehena Roan Abramovitx magnatea izango da. Luzhkov kargutik kenduta, izan ere, horren emazte Jelena Baturinaren enpresak behera egingo du -Errusiako emakume aberatsena eta munduko hirugarrena bihurtu da-, eta horrek utzitako hutsunea Abramovitxek beteko du. Errusiako Fiskaltza gaur egun Moskuko Udalak ustez legez kanpo egindako kontzesio batzuk ari da ikertzen.
Eraikuntzan ez ezik, dena dela, beste hainbat arlotan ere aldaketak espero dira Sobianinekin, hala nola immigrazio arloan. «Ahalik eta krimen xenofobo gutxien gertatzea lortu behar dugu. Poliziak du hori lortzeko ardura, baina geu ere horretan arituko gara», adierazi du alkate berriak. Horregatik, etorkinei dagokienez, irekiagoa izatea espero da. Sobianinek Medvedeven kanpaina zuzendu zuen, eta 2008tik lehen ministrorde kargua egondakoa da, Putinen gobernuan.
Moskuko alkate kargurako Putinen gertuko politikari bat aukeratu dute Errusian
Sergei Sobianinek Medvedeven kanpaina zuzen du, eta Putinen gobernuan lehen ministrorde izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu