Etxean oposizioak estututa, eta kanpoan EB Europako Batasunak eta Errusiak, Ukrainako Gobernuak Bruselara eta Moskura bidali ditu gaur bere ordezkariak. Arbuzov lehen ministrordearen arabera, bideorri bat adostu dute EBrekin, elkartze akordioa gauzatzeko. EBk Ukrainarako duen ordezkari Jan Tombinskyrekin elkartu da Arbuzov. Viktor Janukovitx presidenteak duela bi aste uko egin zion elkartze akordioa sinatzeari, Vilniuseko bilkuran. Moskuk aitzinetik ohartarazi zion Kievi akordio hori sinatuz gero, Errusiarekin dauzkan harremanak arrunt kaltetuko liratekeela, eta Ukrainak dependentzia ekonomiko handia dauka ekialdeko bizilagun erraldoiarekin.
Horregatik, bertze ordezkaritza bat bidali du gaur Moskura. Juri Boiko lehen ministrordea Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroarekin elkartu da han. Errusiako eta Ukrainako hedabideen arabera, Ukrainak Errusiatik jasotzen duen gasaren prezioa dute eztabaidagai nagusietako bat. Medvedevek bilera hasi aitzinetik adierazi duenez, helburuetako bat dute "dinamismo gehiago ematea, azken aldian trabatuta gelditu diren gaiei". Ezinezkoa dirudien joko diplomatiko batean sartu da Ukraina, alde batetik, EBra hurbiltzeko borondatea erakutsi baitu berriz ere, baina hala ere Errusiarekin negoziatzera joan da.
Etxean, berriz, tentsioa ez da baretu. Viktor Janukovitx presidentea Txinan dago, eta Mikola Azarov lehen ministroak hartu du lema oposizioaren haserreari aurre egiteko. Oposizioko diputatuek parlamentua blokeatu dute gaur, gobernu osoaren dimisioa eskatzeko, "errepresio politikoa" salatzeko eta Julia Timoxenko lehen ministro ohia aska dezatela eskatzeko —botere gehiegikeria leporatuta dago espetxean—. Oposizioko milaka jarraitzailek karrikan segitzen dute protestan. Azarovek protestak baretzeko eskatu die, eta elkarrizketa eskaini, baina ohartarazi die "legea urratzeaz errudun jotakoek erantzun egin beharko" dutela. Boterean dagoen indarrak, Eskualdeen Alderdiak, karrikara ateratzeko deia egin die gaur bere jarraitzaileei. "Kiev ez da oposizioaren hiriburua, herrialde osoaren hiriburua da", adierazi du ohar batean.