Hodei grisak pixkanaka hiria uzten ari diren arren, errautsek eta keak estalita esnatu da Mosku (Errusia) azken egunetan. Hamar milioi eta erdi biztanleko hirian, ia ez dabil lagunik kaleetatik, eta dabiltzanak maskara jantzita daukate. Horrez gain, asko ez dira lanera joan, eta batzuk hiriburutik ihes egin dute. Gobernuak enpresei gomendatu die langile kopurua ahal bezainbeste gutxitzeko, kotxeen erabilera murrizteko helburuarekin. Hiriburuko kutsadura maila onartutakoa baino 6.6 aldiz handiagoa da karbono monoxidoaren eraginez. Horretaz gain, beroak oxigeno falta areagotu du; azken asteetan tenperatura 35 gradu inguruan ibili da, eta hala jarraituko du beste astebetez gutxienez. Inguruko herrialdeek Moskura ez bidaiatzeko gomendatzeaz gain, enbaxadetako langileria murriztu dute. AEBek erabat itxi dute beren enbaxada.
Kea pixkanaka ari da joaten, haizearen norabidea aldatu ahala. Dena den, Moskuko Meteorologia Bulegoaren esanetan, zerua ez da erabat garbituko datorren astera arte. Andrei Seltsovski Osasun Departamentuko arduradunaren esanetan, keak eta beroak hildakoen kopurua bikoiztu du hiriburuan: «Normalean 360 eta 380 hildako izaten dira egunean, baina azken asteetan 700era igo da hildakoen kopurua». Horrez gain, ospitale askotan etxera bidali behar izan dituzte gaixoak, bertan aire giroturik ez dutelako. Anbulantziek ez dute atsedenerako astirik, eta soilik kasurik larrienak artatu dituzte. Zenbait medikuk salatu dutenez, administrazioaren aginduz ezin dute esan gaixotasunak keak eta beroak eragin dituztela.
Hori gutxi balitz, kearen eraginez auto istripu ugari izan dira hirian, eta bi mila lagunek hegazkinak galdu dituzte. Aleksander Frolov Errusiako Meteorologia Institutuko zuzendariaren esanetan, herrialdeak ez du halako tenperatura alturik ezagutu azken mendeetan: «Gertakari itzela da; artxiboetan ez da halakorik jaso inoiz. Errusian inoiz izandako berorik handiena dugu».
Bitartean, Errusia guztia hartuta daukaten suteak ez dira gutxitu. Suak hartutako eremuak 16.000 hektareatan murriztu diren arren, oraindik 577 sute daude itzali gabe. Horietatik 25 bereziki larriak dira, gune militarrak inguratu dituztelako. Guztira, 174.035 hektarea daude sutan. Suhiltzaile eta basozainek ez dute sute kopurua gutxitzea lortzen; atzo 239 sute itzali zituzten arren, beste 247 piztu ziren.
Gobernuari kritikak
Biztanleak haserre daude Gobernuaren eraginkortasun ezarengatik. Jada 57 lagun hil dira suak harrapatuta, eta gutxienez 3.500 lagunek etxea galdu dute. Suak ehunka etxebizitza suntsitu ditu. Lehorte gogorraren eta sute ugarien ondorioz, uzta %30 gutxitu da, eta batez ere herrialdeko bi produkzio nagusiei eragin die: patatak eta erremolatxa. Hori dela eta, Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak debekatu egin ditu esportazioak, eta horrek prezioen igoera eragin du. Lehen ministroaren ustetan, ordea, hartutako neurriek herrialdeko produktuen prezioak gehiegi igotzea ekiditeko balioko dute.
Froloven hitzetan, aurten uzta nabarmen gutxituko da: «Aurten 67 eta 70 milioi tona besterik ez dira aurreikusten. Iaz, 97 milioi tona izan genituen, baina, zoritxarrez, ez da euririk espero abuztu osoan, eta, beraz, garia eta bestelako laboreen produkzioak behera egingo du».
Errusiak urte amaiera arte luzatuko du neurria, abuztuaren 15etik abenduaren 31 arte. Dena den, Igor Xuvalov lehen ministrordeak adierazi du uztaren bilketa amaitzean ken daitekeela debekua, urrian, hain zuzen ere. Neurriak hornidurarik gabe utziko ditu Egipto, Israel, Iran, Turkia, Libano eta Siria.
Gune nuklearrak arriskuan
Bitartean, herrialdeko politikariek zailtasun nabarmenak dituzte suteak amaitzeko. Juri Luzhkov Moskuko alkatea oporretan da oraindik, eta ez du adierazpenik egin. Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak Abkhaziara (Georgia) egin du ihes, eta suteak arriskuan ipinitako gune militarrak babesteko ekintzak bideratu ditu. Sergei Xoigu Larrialdi Egoeretarako ministroak eremu larrienak izendatu ditu: «2.400 gune militar daude egoera larrian, eta horietatik 440 bereziki arriskutsuak dira».
Nizhi Novgorod eskualdea suteak kaltetuenetakoa da. Bertako Seroveko gune nuklearra babesteko zortzi kilometrotako suebakia egin dute, 150 metroko zabalera duena. Bertan eraiki zuten Errusiako lehen bonba nuklearra, eta egun arma atomikoak eta fisika esperimentala lantzen dira bertan. Hori dela eta, Gobernuak ehunka soldadu bidali ditu gunea babesteko. Horrez gain, material erradioaktibo guztia kendu dute, beroak eragindako eztanda arriskua ekiditeko. Gobernuaren hitzetan, aurreko hilabetean Moskutik gertu dagoen Kolomnako basean kokatutako eraikin eta biltegi militar ugari suntsitu zituzten suteek.
Herritar askok Putin egin dute erantzule, basoen legea aldatzeagatik. Suhiltzaile eta basozain asko kendu zituen, ekologisten hitzei entzungor eginez. Gobernuak dirua aurrezteko neurria zela uste izan zuen, baina orain inoiz baina garestiago atera zaio erabaki hori hartu izana. Errusia ez zegoen larrialdirako prest.
Moskun heriotza tasa bikoiztu da suteen eta beroaren eraginez
Hiriburuan 700 lagun hiltzen ari dira egunean; Errusian, hala ere, murrizten ari dira suak hartutako lur eremuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu